Txirrindulari onenak lehian
San Joan txirrindulari proba jokatuko dute larunbatean, Euskaldun torneoaren barruan. Cavanillas segurarra izango da txirrindularien artean.

San Joan txirrindulari proba jokatuko da larunbat honetan Seguran, herriko txirrindulari elkarteak antolatuta. Euskaldun torneoaren baitako lasterketa da eta Segurako lasterketan erabakiko dira elite eta 23 urtez azpikoen mailetan Euskadi mailako txapelak ere. Parte hartuko duten txirrindularien artean Ethan Cavanillas segurarra nabarmendu dute antolatzaileek.
Plazatik abiatuko da goizean (10:00) afizionatuen pelotoia 101 kilometroko ibilbidea osatzeko. Aurtengo karrerak iazko ibilbide bera izango du; denera zortzi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek.
Lasterketaren hasieran, Seguratik Zegamara joan etorria egin beharko dute; ondoren, Lierni, Atagoiti eta Aztiriako mendateak igarota osatuko den zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote. Azken kilometroetan zailduko da lasterketa, aurreko mendateei Barbari eta Minetakoak gehituta. Lehenengo ziklistak 12:30 aldera espero dira helmugan.
Euskaldun torneoa
Euskaldun torneoaren baitakoa izango da aurten San Joan proba eta afizionatu mailako talde indartsuenak espero dituzte Seguran. Euskadi Fundazioko Aimar Galdos da gaur egun torneoko liderra, orain arteko karreretan nagusi izan dena. San Joan lasterketako txapelez gain, aurtengo elite eta 23 urte azpikoen mailetan Euskadiko txirrindulari onenak ere erabakiko dira Segurako proban.
Segurako Txirrindulari Elkarteak lasterketa segurtasun osoz egin dadin, boluntarioen laguntzera gerturatzeko deia luzatu diete oraingo honetan ere. Lasterketa igaroko den bidegurutzeak zaintzeko prest dagoenak elkarteko kideekin jarri behar du aurrez harremanetan.
Bertso afaria
Iazko afariaren arrakastari jarraitu asmoz, ekainaren 13an bertso afaria antolatu du Segurako Txirrindulari Elkarteak. Iban Urdangarin eta Eneko Araiztegi Korta arituko dira kantuan, gai jartzaile lanak Jon Iturriotzek egingo ditu. Txartelak hilaren 10era bitartean Imaz tabernan eskuratu daitezke, 25 euroko kostua izango dute.