Udaz Blai jardunaldian parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
Ikastaroek plaza mugatuak izango dituzte eta izen-emate ordena hartuko da kontuan. Ekainaren 11a izango da horretarako azken eguna.

Ikasturtea bukatzear den honetan, iritsi da Zaldibiako Udalak urtero aurrera eramaten duen ‘Udaz blai 2025’ ekimena, eta horrekin batera, zabaldu dute izen emateko epea. Ekainaren 23an hasi eta uztailaren 4ra arte ekintza eta jarduera desberdinak gauztauko dira herrian, eta ekainaren 11ra arte izango dute interesdunek izena emateko aukera, Karreane Kultur Etxera joanda. Ikastaroek plaza mugatuak izango dituzte eta izen-emate ordena hartuko da kontuan. Ordainketa ere izena ematerakoan egin beharko da, toki berean.
Berrikuntzez blai
Aurtengo edizioa zenbait berrikuntzekin dator, gainera: Urteroko kirol eskaintzaz gain, aurtengoan marrazketa eta eskulan saioak izango dira eskuragai, Noemi Saralegiren gidaritzapean. Aukera anitzak izango dituzte adin-tarte desberdinetako haurrek. HH5 eta LH1 artekoek ekainaren 24 eta 26ean ordubeteko bi saio izateko aukera edukiko dute, 10:30etatik 11:30etara eta 11:30etatik 12:30era, hamahiru euro ordainduta, eta LH2tik 6rakoek, berriz, ekainaren 23 eta 25ean, ordu eta erdiko bi saio, 10:00etatik 11:30era eta 11:30etik 13:00etara, hemeretzi euro ordainduta.
Aurtengoan, ez da tenisaz gozatzeko aukerarik egongo, baina horren ordez, hainbat kirol egiteko aukera izango dute haurrek Multikirol ikastaroan; izan ere, tenisa, patinak, esku-pilota, herri-kirolak eta badmintona uztartuko dira. Honakoa LH3tik DBH1erako haurrentzat izango da eta ekainaren 23tik 27ra, goizero 45 minutuko saioak izango dituzte, 27 euro ordainduta. Denera, bost saio, goizeko 10:00etatik 10:45era eta 10:45etik 11:30era.
Piragua ikastaroa, berriz, uztaileko aurreneko astean gauzatuko da, ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean. LH3tik DBH3ra bitarteko haurrei eskainiko zaie, arratsaldero, ordu eta erdiko bost saioekin (15:00-16:20 eta 16:30-18:00 eta 18:00-19:30). 38 euro ordaindu beharko dira.
Etxeko txikienentzat
Hori guztiaz gain, etxeko txikienek ere izango dute zer egin udako jardunaldi hauetan. Izan ere, HH5 eta LH2ra arteko haurrentzat Danceflow ikastaroa izango da, ekainaren 23tik 27ra bitartean. Goizero, 45 minutuko saioak egingo dira, eta hogei euro ordaindu beharko ditu interesa duen orok (10:00-10:45 eta 10:45-11:30).