Zegaman erabakiko da Goierriko Bola Txapelketa, larunbatean

Zegamako Belatxingak Bola Jokoa klubeko kideek larunbaterako tiraldirako prestaketa lanak eginak dituzte. Goierrin, bolaleku estalia duten 8 herrietan burutzen da txapelketa hau: Olaberrian, Legazpin, Mutiloan, Gabirian, Zerainen, Seguran, Idiazabalen eta aurten lehenengo aldiz Zegaman. Orain arte jokatutako saio guztietako birla kopuruak zenbatu ondoren, larunbatean erabakiko dira txapeldunak gizonezkoen, emakumezkoen eta gazteen mailetan.
Zegama, bolalekua estali berria denez, lehen aldiz izango da txapelketa honen lekuko. Tiraldian parte hartzeko ez da derrigorrezkoa aurretik beste herrietako saioetan parte hartu izana, ezta federatua egotea ere. Goizean eta arratsaldean egongo da tiraldiak egiteko aukera. Goizean, 10:30etik 11:30era eman ahal izango da parte hartzeko izena eta arratsaldean, 16:30etik 17:30era. Antolatzaileek herritarrak eta ingurukoak gonbidatu dituzte Txarapeko bolatokira larunbatean.