EH Bilduk Loinatz jaietan txosna eremuan gertatutakoarekin "adostasun eza" agertu du
Beasaingo Loinatz jaien barruan izan den gertakari bat salatu nahi izan dute udalean ordezkaritza osatzen duten EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek. Gaur bertan helarazi duten oharrak dioenez, txosnagunean aurkitzen zen pertsona bat jai-eremutik alde egitera “behartu” egin zuten, “ogibidez polizia-agente izateagatik”. EH Bilduk ez du adierazpenarekin bat egin baina gertakariaren aurrean “adostasun eza” adierazi nahi izan du ondorengo adierazpenarekin:
Jaietan, urteko gainontzeko egunetan bezala, ez dugu onartzen arraza, jatorri, hizkuntza, genero, sexu eta beste edozein modutako beldurrarazterik, jazarpenik nahiz bereizkeriarik, ezta lanbide bat edo beste izateagatik ere.
Onargarritzat ematen ez dugun gertakari horren aurrean adostasun eza agertuta, babes osoa agertu nahi diegu bere ogibideagatik bereizkeria jasan duten herritarrei, eta herrian bizitzeko duten eskubide osoa gogoratu nahi dugu.
Elkarbizitza lortzeko bidean, pentsaera ezberdineko pertsonek osatutako herria eraiki nahi dugu, guztiok geuretik emanda guztiontzako gizartea eraikitzeko.
Halaber, balioan jarri nahi dugu urte luzez gure herriko eragile ezberdinek herriko jaiak aberasten eta antolatzen egindako lana. Zentzu horretan, ez litzateke zilegi ekintza konkretu hauen ondorioek Beasaingo eragileen etorkizuneko lana baldintzatzea.
Zentzu horretan, jaietako bigarren asteburuan antzeko gertaerarik ez errepikatzeko deia luzatzen dugu, festez gozatzeko eskubidea dugu denok eta hori bermatzea guztion ardura da.
Urte osoan zehar jendarteko eremu eta arlo guztietan egiten dihardugun bizikidetzaren aldeko lanketan, jarraitzeko asmoa berresten dugu, izan udaletik zein bestela.