Loinatz jaietako txosnagunean izandako gertakarien aurrean udal adierazpena
Beasaingo Loinatz jaien barruan izan den gertakari bat salatu nahi izan dute udalean ordezkaritza osatzen duten EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek. Gaur bertan helarazi duten oharrak dioenez, txosnagunean aurkitzen zen pertsona bat jai-eremutik alde egitera “behartu” egin zuten, “ogibidez polizia-agente izateagatik”.
Horrela dio adierazpenak, hitzez hitz:
Beasaingo Udalak, udalbatza honetan ordezkatuta dauden EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeen babesarekin, bere kezka eta gaitzespena adierazi nahi du txosnetako jai-esparruan izandako gertakarien aurrean, non hainbat pertsona handik alde egitera behartu zituzten, ogibidez polizia-agente izateagatik.
Azpimarratu nahi dugu horrelako jarduerak bateraezinak direla gizarte demokratiko, plural eta errespetuzko baten balioekin. Jai herrikoiak elkartzeko, ospatzeko eta aniztasunerako guneak izan behar dute, eta ez bazterkeria edo diskriminazio tokiak.
Bizikidetza egunez egun eraikitzen dela sinetsita, horrelako gertaerek ere gizarte gisa hausnartzera bultzatu behar gaituztela uste dugu. Gaitzespenetik haratago, gure erantzukizun kolektiboa errespetuaren, elkarrizketaren eta giza eskubideen kultura sustatzea da.
Balioetan hezteko konpromisoa berresten dugu: berdintasuna, diskriminaziorik eza, desberdinarekiko errespetua eta gorrotoaren arbuioa. Balio horiek izan behar dute gure politika publikoen eta eguneroko bizitzaren ardatza.
Horregatik, Txosna Batzordeko ordezkariei publikoki honako adierazpen hauek egitea eskatzen diegu:
1. Eman diren diskriminazio eta hertsapen jarrerak gaitzestea.
2. Erasotutako pertsonei barkamena eskatzea.
3. Horrelako jarrerak errepikatuko ez direnaren konpromisoa hartzea.
Edozein kasutan, Beasaingo Udalak Txosna Batzordearekin duen hitzarmena berrikusiko du, jai-esparru honetan ere gure gizartearentzat funtsezkoak diren printzipio demokratikoak bermatu eta Beasaingo bizikidetzari kalte besterik egiten ez dioten eraso hauek errepikatu ez daitezen.