Olaran birgaitzeko konpromisoa berretsi du EAJren udal gobernuak
Oposizioak proiektua bertan behera uzteko eskaera egin du. Aurrera jarraitzeko argudioak aurkeztu ditu udal gobernuak. EAJk eskua luzatu die oposizioko taldeei elkarlanerako.

Olaran proiektuak aurrera jarraituko du. Pasa den osteguneko osoko bilkuran, oposizioko alderdiek -EH Bildu, PSE-EE eta Podemos- Olaran Talentu Faktoriaren proiektua etetea eskatzeko mozioa aurkeztu zuten. EAJk osatutako udal gobernuak, mozioaren aurka egin zuen. Proiektuak hasitako bidea jarraituko du beraz.
Oposizioak bateratuta aurkeztutako testuak hiru arrazoi nagusi nabarmentzen zituen proiektua bertan behera gera zedin. Lehenik eta behin, proiektuaren garapenean «gardentasun falta» izan dela nabarmendu dute. Eta ondoren ere, gauzak bide beretik jarraitu zutela adierazi dute: «Ez zaigu aukerarik eman parte hartzeko, ezta iritzia emateko ere». Gainera, udal gobernuak herritarrei parte hartzeko aukera zabaldu diela esan badu ere, oposizioak dio, «bi batzar» egin, egin direla, baina «informatiboak baino ez» direla izan. Oposizioak Olaran Talentu Faktoriari buruzko mozio hau aurkezteko bigarren arrazoia da «adostasunik gabeko aldebakarreko proiektua» dela. Eta hirugarren arrazoi bezala, azpimarratu dute, «Olaran eraikina beasaindarrei zerbitzua ematera bideratuta» egon behar duela. Hiru puntu horietan ikusi dituzten desadostasunengatik, proiektua bertan behera geratzea eskatu zuten.
EAJk oposizioak plazaratutako arrazoiei kontra egin zien, gaiari buruzko bere argudioak emanez. Leire Artola alkateak azaldu zuenez, «2008an Manufacturas Olaran eraikina udalaren jabetzara igaro zenetik, kontuan izanik Beasaingo Udalak eraikinak sortuko dituen kostuak osotasunean bere gain ezingo zituela hartu, kudeaketa ona, zuhurtzia eta ardura politikoa oinarritzat hartuta, eraikin arrazionalista hau birgaitu eta izango lituzkeen zerbitzu publikoak finantzatzeko eredu desberdinak lantzen aritu da EAJ azken 17 urteetan».
Erakundeen babesa
Alkateak nabarmendu zuen «saiakera desberdinen ondoren, 2021az geroztik, zerbitzu publiko horiei bideragarritasuna emango liokeen lan ildo berri bat» hartu zuela udal gobernuak, «dozenaka aurkezpen, lan-saio, tailer, eta bilerekin». Prozesu horretan, «Goieki, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza» bezalako erakundeetatik hasita, «Goierriko unibertsitate, ikerketa zentro eta tamaina desberdinetako enpresekin elkartu eta proiektuarekin aurrera egiteko haien babesa jaso» dela azaldu zuen.
Beasaingo alkateak osoko bilkuran emandako argudioen arabera, urte horietan egindako lanketaren emaitza da Olaranek bere barnean hartuko lukeen egoitzaren proposamena, eta bertako zerbitzu publikoak finantzatzeaz gain, Beasainek eta Goierrik datozen hamarkadetan izango duen erronka bati aurre egiten lagunduko duela zalantzarik ez du udal gobernu taldeak: «Eskulan goierritarra hemen errotzea eta krisi demografikoaren ondorioz berreskuratu zein erakarri nahi diren pertsona horiek guztiak Goierri aukeratu dezatela gure sare industrial eta ekonomikoa garatzen jarraitzeko. Izan ere, ongizatea eta garapen ekonomikoa txanpon beraren bi aurpegi dira», zihoen alkateak.
Olaran Talentu Faktoriaren lehen proposamena beasaindarrei aurkeztu zieten 2023ko hauteskundeetako programan: «Lan ardatzak orain bi urte dira publikoak», esan zuen Artolak. Urtebete beranduago, 2024ko urriko Lurralde Batzordean oposizioari proiektuaren xehetasunak azaldu ondoren, urriaren 28an Murumendi Eskolan, zein 29an, udaletxeko batzar areto nagusian lehen bi parte-hartze saio burutu zituzten, non beasaindarrek berriro hitza hartu zuten ekarpenak eginez. Alkateak oposizioari aurpegiratu zion hori: «Pasa den urritik gaur arte, 7 hilabete igaro dira, eta tartean, 5 Lurralde Batzorde, oposizioko taldeek zein udal gobernuak proposamenak eztabaidatu eta lantzeko dituzten foroetako bat. Bost aukera hauetan, oposizioak ez du proposamenik egin proiektua aberasteko».
«Balorazio oso positiboa»
Aldiz, erantzun, proposamen eta ekarpenak egin dituztenak «beasaindarrak» izan direla azpimarratu zuen Leire Artolak. «Parte-hartze prozesuan eraikinera egindako bisita eta parte-hartze tailer desberdinetan ehun herritarrek baino gehiagok parte hartu dute». Hori horrela izanik, «balorazio oso positiboa» egin zuen udal gobernuak, eta partaide guztiei «eskerrak» emateko baliatu zuen hitzartzea.
Oposizioko hiru alderdien mozioa baztertzeko emandako arrazoiak medio, udal gobernuak Olaran birgaitzeko konpromisoa «berretsi» zuen, eta aldi berean, oposizioko alderdi desberdinei «eskua luzatu» zien «Olaran Talentu Faktoriako zerbitzu publikoak bideragarri egingo dituen proiektua osatzeko».