Zer dute komun Joxe Azurmendik eta Judith Butlerrek?
Joxe Azurmendi eta zenbait pentsalari feminista elkarrizketan jarri ditu Mikel Urdangarin Irastorzak ‘Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan’ liburuan.

Jar liteke elkarrizketan Joxe Azurmendi Judith Butlerrekin? Eta Simone de Beauvoirrekin? Donna Harawayrekin? Jule Goikoetxearekin? Baiezkoan zen Mikel Urdangarin Irastorza Filosofiako doktorea gaia aztertzeari ekin zionean, eta lotura horiek frogatzea hartu zuen erronka. Sei urteko ikerketaren emaitza liburu batera ekarri du orain: Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan izenburupean plazaratu du lana, eta Jakinek eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak argitaratu dute, Ur Jauzia bildumaren barruan —bildumako bosgarren liburua da—.
Gizakia eta askatasuna ulertzeko moduak izan ditu Urdangarinek ikerketa lerro nagusi, eta horren inguruko hainbat lan argitaratu ditu, hala nola Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza saiakera (Jakin, 2021). Liburu berrian, Azurmendiren gizakiari buruzko pentsamendua eta azken mende erdian feminismotik egin diren ekarpenak aurrez aurre jartzera eta aztertzera jo du. «Saiatu naiz, gizaberetxoa ardatz hartuta, gizaki eredua lantzen, eta, horretarako, Joxe Azurmendi eta zenbait autore feminista elkarrizketan jarri ditut, nire ustez iturri bakarrak ez, baina iturri emankorrenetakoak behintzat izan badirelako».
Gaia bera zergatik aukeratu zuen ere azaldu du, eta, hasteko, Azurmendiren obra oparoa ekarri du gogora. «Hamarnaka gai landu ditu, eta nazioaren bueltan egindako gogoetengatik da ezaguna. Baina berak esaten duen bezala, nazioaren ideia orok gizatasun oso bat aurresuposatzen du, hau da, gizakia ulertzeko modu bat, komunitatea ulertzeko modu bat, moral jakin bat, batasunak eta diferentziak artikulatzeko era jakin bat… Haren hitzetan esanda, gizaberetxoa ulertzeko modu bat». Gizaberetxoa, hain zuzen, Azurmendiren obra osoan zehar-lerro bat eta «kontzeptu garrantzitsuenetako bat» izan dela gehitu du. Halaber, Azurmendik zer landu duen ez ezik, nola landu duen ere interesgarri zaio Urdangarini, «bere obra elkarrizketan osatu» duela iritzita. «Bere obran ez du elkarrizketarik garatu autore feministekin, baina gutxienik belarriak irekita agertu da». Elkarrizketa kritikorako prest izan da beti, haren hitzetan.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.