Dantzari Txiki eguna ospatzen ari dira Lazkaon
Amets Bide, Irrintzi, Berriztasuna eta Oin Arineko dantzariak bildu dira. Arratsaldean, jolasak eta Ttipika taldearekin dantza gidatuak egingo dira.

Oin Arin Dantza Taldeak antolatuta, Dantzari Txiki eguna ospatzen ari dira Lazkaon. 10:30ean hasi dute eguna Amets Bide (Ordizia), Irrintzi (Zumarraga), Berriztasuna (Portugalete) eta Oin Arineko (Lazkao) dantzariek. Lehenengo, dantza talde guztiak plazan elkartu dira, eta hamaiketakoa egin dute. Jarraian, 11:00ak aldera, taldeak bi multzotan banatuta, kalejira egin dute herriko kaleetan zehar. 13:00etan, talde guztiak plazan elkartu dira berriro ere, eta alardea egin dute: Ikurrin dantza, Agurra, Zazpi jauzi, Txakarranko, Fandango eta Arin-arina, kalejirarekin amaituz. 14:00ak aldera bazkarirako elkartuko dira parte-hartzaile guztiak.
Arratsaldean, berriz, 16:30ean, jolasak eta Ttipika taldearekin dantza gidatuak egingo dira.






















