Eskola Txikien aldarri handia
Ezkio-Itsason egiten ari dira aurtengo Gipuzkoako Eskola Txikien Festa. Goizeko festaren ostean, arratsalderako ere egitarau oparoa prestatu dute: zirku tailerra, ipuin kontaketa, Eneko magoa eta Potx eta Lotx palailazoak, besteak beste.

Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatzen ari dira Ezkio-Itsason. Goizeko 10:30ean hasi dute eguna ehundaka haur, gazte eta helduk. Eguna hasteko, Gipuzkoako Eskola Txikien aldeko aldarria egin dute, eskolako kantxan. Ekitaldian, Eskola txikietako ordezkariek egurrezko xaflez osatutako dorre bat eraiki dute, euren “sendotasuna” eta “indarra” sinbolizatzen duena. Jarraian, Ezkio-Itsasoko eskolako arduradunek lekukoa pasa diote Zizurkilgo Mendigain Eskolari, hurrengo urtean beraiek izango baitira Eskola Txikien Festa hartuko dutenak.
Ekitaldiaren ostean, txoko desberdinetan antolatuta, ekintza ugari egiteko aukera izan da: Musta perkusio tailerra, Txalaparta tailerra, Lurra dantza taldea, Puzgarriak, Aspace saskigintza, Aniztasunaren ihes gela, Altxorraren bila, aurpegi margoketa eta Urteurren festa! Galtzagorrirekin, besteak beste.
Eskolako gunean Igartubeitiko sagar zuku tailerra egiteko aukera ere izan da, txanda desberdinetan. Leku berean, 12:00etatik 13:00etara Marimunduko eta bere lagunen komeriak ikuskizuna egin du Ataungo Antzeztaun antzerki taldeak. Goizari amaiera emateko bazkaria egin dute Secundino Esnaola musika eskolako txarangak girotuta.
Arratsaldean ere egongo da zer egin eta zer ikusi. 15:30etik 17:30era zirku tailerra egingo da. 16:00-17:00 Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa, baita Eneko magoa ere. Eguna amaitzeko 17:30etik 18:30era Potx eta Lotx. Lagunekin topa! ikuskizuna eta festaren amaiera egingo dira.























































































