Gizon bat atxilotu dute Beasainen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
Goizeko hirurak aldera izan da gertakaria. Itaiak antolatuta, 18:30ean mobilizazioa egingo da Beasaingo Bideluze Plazan.

Gizon bat atxilotu dute Beasainen emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Emakumeak lagun batekin zegoela jasan du jazarpena. Erasotzailea atzetik hurbildu zaio, eta erasotu ostean, alde egin du. Biktimak eta haren lagunak erasotzailea jarraitu dute, lagun batzuekin elkartu den lekuraino. Beasaingo Udaltzaingoari gertatutakoaren berri eman ondoren, ustezko erasotzailea atxilotu egin dute. Ertzain-etxera eraman dute, epailearen esku uzteko zain.
Erasoa gaitzesteko, Goierriko Itaiak mobilizazioa antolatu du gaur arratsalderako. 18:30ean izango da, Beasaingo Bideluze Plazan.