Herri kirolek eman diete amaiera Loinatz jaiei
Amaitu dira aurtengo Loinatz jaiak. Musika, dantza eta kirola izan dira eguneko ekintza nagusiak.

Amaitu dira aurtengo Loinatz jaiak. Duela astebete lehertu zen festa Beasainen, Mariren jaitsierarekin, eta gaur iritsiko da jainkosa mendira itzultzeko unea. Musika, dantza eta beste hainbat ekintza egin eta ikusteko aukera izan da goizetik hasita. Arratsaldean, herri kirol erakustaldiak borobildu du azken eguna. Aizkora, harri-jasotzea eta pentatloia izan dira egin dituzten probetako batzuk.
Goizean, 10:00etan musika nagusitu da herrian. Alde batetik Iturengo Aurtizko joaldunen erakustaldia izan da, eta bestetik, Loinatz musika eskolako txistularien eta tronpeta-jotzaileen esna-deia. Ondoren, Beasaingo 23. Dantza Topaketaren txanda izan da. Dantzariek kalejira egin dute auzoetatik abiatuta. 11:30ean, berriz, Ekaitz buruhandi eta erraldoi konpartsa irten da Doinuzar dultzainero taldeak lagunduta. Musika eta dantzaz gain, 12:00etan 61. Beasaingo Hiria argazki lehiaketako sari banaketa izan da, Igartzako jauregiko erakusketa-aretoan, eta jarraian erakusketaren irekiera.
Arratsaldean, 17:30ean Orain-Bi Zirko-Teatro taldearen Mute kale antzerkia ikusteko aukera izan da, Erauskin plazan. Goizean bezala, arratsaldean ere Beasaingo 23. Dantza Topaketa egin da, herrian barrena, eta 18:30ean, azken kalejira Erauskin plazan. Eguneko azken ekintza, Herri kirol erakustaldia eta jaialdia izan dira, Dolarea parkean, 18:30ean.

























































































