Berdintasunaren aldeko V. Futbol txapelketa jokatuko da larunbatean
Sailkapen fasea Beasain, Idiazabal, Lazkao eta Ordiziako futbol zelaietan jokatuko da. Zelai bakoitzetik aurreneko taldea sailkatuko da arratsaldeko bigarren fasera. Goizeko jardunaldiaren ondoren, parte-hartzaileek batera bazkalduko dute Beasainen.

2016. urtetik darama Goierri Gorrik emakumezkoen berdintasunaren alde buru belarri lanean, eta aurtengoan ere, beste urte batez, bueltan da Berdintasunaren aldeko V. Futbol txapelketa, neskek soilik jokatzen duten lehiaketa bakarrenetakoa. Infantil mailako txapelketa da, hamaikako modalitatean (talde bakoitzak hogei jokalari izango ditu gehienez).
Sailkapeneko partidak Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko eta Ordiziako futbol zelaietan jokatuko dira goizean zehar. 9:30ean hasita, 10:00etan, 10:40ean, 11:10ean, 11:50ean eta 12:20ean jokatuko dituzte goizeko kanporaketak. 30 minutukoak izango dira, deskantsurik gabe, eta nahi dituzten aldaketak egin ahal izango dira, aurrez epaileari baimena eskatuta.
Futbol zelai bakoitzean lau talde egongo dira: Beasainen, Igartza futbol zelaian, Tolosa, Goierri Gorri A, Goierri Gorri B eta Zarautz taldeak lehiatuko dira; Lazkaoko Harizti Haundin, berriz, Intxaurdi, Goierri Gorri C, Goierri Gorri E eta Urola; Ordiziako Altamiran, Segura-Aizkorri, Goierri Gorri D, Goierri Gorri F eta Aitzondo taldeak lehiatuko dira; eta, Idiazabalen, Arizkorreta futbol zelaian, azkenik, Goierri Gorri, Euskalduna, Sanse eta Mondragon. Zelai bakoitzetik aurreneko taldea sailkatuko da finalera, elkarren arteko partidak jokatu ondoren. Finalerako sailkatzen ez diren taldeei goiz berean emango zaizkie sariak.
Finalerako sailkapena, puntuen arabera antolatuko da, emaitzen dagokien puntu konkretuak zenbatuta: irabazitako partidak bakoitzarengatik hiru puntu irabazteko aukera izango dute; berdinduz gero, bakarra; eta galdutako partidengatik, batere ez. Partida bakoitzaren ondoren berdinketa gertatuz gero, hiru penalti jaurtiko dira eta berdinketarik egonez gero, jaurtitzen jarraituko da desegin arte. Hala ere, posible da bi taldek puntu sorta bera lortzea. Hori gertatuz gero, haien arteko partidaren emaitzari erreparatuko zaio, eta oraindik berdinketak jarraituko balu, gol diferentzia onena duen taldea sailkatuko litzateke.
Goizeko jardunaldia amaitu ondoren, herri bakoitzean jokatuko duten taldeko parte-hartzaile guztiek elkarrekin bazkalduko dute, Beasaingo Frontoi txikian.
Finala Lazkaon
Bigarren fasea Lazkaoko Harizti Haundi estadioan jokatuko da arratsaldean. Multzo bakoitzeko lehenengo lau taldeek elkarren aurka jokatuko dute. 16:00etan, Beasaingo eta Lazkaoko lehen talde sailkatuek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta 16:40ean, Ordiziako eta Idiazabalgo lehen sailkatuak. Ondoren, 17:20ean, txapelketako hiru eta laugarren postuak jokatuko dira, aurreko partidetan bigarren gelditu diren herrien artean; eta 18:00etan, berriz, final handiaren txanda izango da, eta bertan erabakiko da nor izango den txapelketako irabazlea. Arratsaldeko partidek, 40 minutuko iraupena izango dute, hogei minutuko bi zatietan banatuta.