Gari Garmendia eta Xabier Aranburu ‘Guzta’ harri jasotzaileak errekor pertsonalak egiten saiatuko dira Aizarnazabalen
251 kiloko errektangular modernoarekin saiatuko da Garmendia eta 'Xiete' harri historikoarekin Aranburu.

Gari Garmendia eta Xabier Aranburu Guzta harri jasotzaile idiazabaldarrek errekor saiakerak egingo dituzte larunbat honetan, Aizarnazabalen. Biak ala biak Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kideak dira eta marka pertsonalak hobetzea izango dute helburu asteburuan. Estefania Etxebeste harri jasotzaileak ere parte hartuko du.
Aranburuk 5 minutuan, Xiete harria altxatzeko erronka du larunbatean, «189 kiloko harri kubikoa da, duen bolumenagatik altxatzeko zailtasun handikoa», dio. Ez zaio arrazoirik falta, diotenez, orain arte sei harri jasotzailek soilik altxatu baitute Aizarnazabalgo Xiete baserriko harri hau. «Goenatxok dauka errekorra, 5 minutuan 11 altxaldi eginda. Ni behin altxatzearekin konformatuko naiz», dio. Xiete harriaren erreplika batekin dabil entrenatzen eta «gustura» dago orain arte egindako lanarekin.
Garmendia, bere aldetik, 251 kiloko errektangular modernoa altxatzen saiatuko da; 3 minutuko denbora izango du lana burutzeko. Orain artean, harri mota honekin gehien altxatu den pisua 239 kilokoa da. Iaz Aian, errektangular zaharrarekin egin zuen marka pertsonala 215 kilokoa altxatuta. Larunbatekoari buruz galdetuta bere burua «ondo» ikusten duela aurreratu du: «Ondo aritu naiz entrenatzen».
Errekor saiakerak Joseba Ostolaza Harri Eskolak antolatu ditu aurten ere; Aizarnazabalgo plazan egingo da erakustaldia, larunbatean, 18:30ean hasita.