Aralarko San Migel santutegiko ateak Goierrin daude
Bi orduko atzerapenarekin bada ere, ordubatak paseak zirela iritsi dira idiz Legorretara Pasaiako Albaolan berritutako ateak. Handik Ordiziara egin dute eta Lazkaon bukatu dute gaurko ibilaldia. Argazkiak eta bideoa, albistean.

Espero baino beranduago, baina azkenean iritsi dira Aralarko San Migel santutegiko ate berrituak Goierrira. 11:40erako zegoen aurreikusita Legorretara iritsiko zirela, eta Ugaro herri eskolako ikasleak eta hainbat herritar zain zauden ordurako, baina arrastorik ere ez. Gerora jakin da Errenteria Aparolako baserriko Txato idiak apatx bat minberatua zuela, eta hura etxera eraman eta berria Tolosaldera ekarri beharrak eragin du atzerapena. Gorri idiak ordezkatu, eta hura izan da Tanke idiarekin batera uztarrian Goierriko zeharkatu dutenak.
Ordubatak pasak direla iritsi dira Pasaiako Albaola itsas faktorian zaharberritutako Aralarko santutegiak ateak Legorretara. Herrigunetik hala igaro dira, baina idiek beren gurdian eta ateak noranahiko ibilgailu bati lotuta egin dute ordura arteko zatia, baita handik Ordiziara bitartekoa ere. Ordiziako Filipinak eta Foru kaleak zeharkatu eta gero, Kale Nagusian igaro dute ondoren. Atzera idiak eta gurdiak banandu, uztarria askatu eta Lazkao aldera abiatu dira.
Lazkaon harrera ekitaldia
Beneditarren komentutik Elosegi kalera pasa eta Lazkaoko Txiki zelaian bukatu da gaurko erromesaldia. Lazkaoko txistulariek, Lazkaoko Musika Eskolako trikitilariek eta Lazkaoko Oin-Arin dantza taldekoek egin diete harrera, dozenaka herritarrekin batera. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Alfontso Gartziandia Aralarko santutegiko kapilauak hartu du hitza.
Nabarmendu duenez, ate berrituen iltzeak ez beste burdinazko piezak ate zaharrarenak dira. “Atea perfektu dago”, zehaztu du. Igandean jarriko dute atea santutegian, mezaren ondoren. Eta mezu hau eman nahi izan du: “Hitz eginez irekitzen dira gure ateak. Hitza da gure giltza”.
Bihar Ataunera, etzi Sakanara
Laugarren etapa Lazkaon hasiko da eta Ataungo San Gregorio auzoan bukatu, bihar. Bosgarren etapa ekainaren 13an izango da eta 17 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lizarrusti gainean hastearekin batera, Gipuzkoa agurtu eta Nafarroan sartuko dira etapa Etxarri-Aranatzen amaituz.








































