Aralarko San Migelgo atea Goierrin barrena
Hilaren 15era bitarte, zazpi etapako erromesaldian garraiatuko dute Albaolan berritu duten Nafarroako santutegiko atea. Gaur Goierrira iritsiko da.

Idiek tiraka, gurdi bat abiatu zen astelehenean erromesaldian Gipuzkoatik Nafarroara bidean. 2024ko urrian Aralarko San Migel santutegiko ateari eraso egin zioten, eta Albaola itsas museora eraman zuten konpontzera. Behin eraberrituta, Aralar aldera eramaten ari dira era berezi horretan. San Pedroko Albaolatik eta Aralarrera bitarte zazpi etapako erromesaldia egingo dute, eta gaur, Goierritik igaroko da.
Santutegiak antolatutako ibilbidea irekia izaten ari dela azaldu dute, «jai girokoa eta tradizionala». Erromesaldia Albaola Itsas Kultur Faktoriaren tailerretik hasi zen, atearen irteerarekin batera. Atea idiek tiratutako gurdi batean ari dira garraiatzen, eta Gipuzkoako eta Nafarroako 86 kilometro eta 21 herri zeharkatuko dituzte. Txistulariak, bertsolariak eta herriaren deboziozko adierazpenak izaten ari dira bertan, antzinako erromesaldiak eta lurraldearekiko loturak gogora ekarriz.
Hiru herritan harrerak
Erromesaldiaren lehen etapa Astigarragan hasi eta Villabonara bitartekoa izan zen, 15 kilometro sei orduko denboran eginez. Bigarren etapa, laburrena, Villabonatik Tolosara egin zuten, Anoetatik igarota. Guztira 6 kilometro egin zituzten.
Gaurkoa hirugarren etapa izango da, eta Tolosatik Goierri aldera etorriko da, 19 kilometrorekin. Tolosatik 09:00etan abiatuta, Ikaztegietan agurtu ondoren, Aralarko atea Goierrin sartuko da, eta Legorreta eta Ordizia pasatuta, etapari amaiera Lazkaon emango zaio. Ongietorri berezia egingo diote bertan. 13:30ean, Elosegi kalean gurdiari harrera egingo diote, eta segizioak herrian ibilaldia egingo du. 13:45ean harrera ekitaldia egingo dute Lazkao Txiki zelaian. Gerriko Kultur Elkarteak, San Benito ikastolak, Maizpide euskaltegiak, Oin Arin dantza taldeak, bertso eskolak eta Lazkaoko Udalak elkarlanean antolatu dute ongietorria zein horren harira egingo diren ekintzak, esaterako idiak baserriko garraio lanetan izan duen garrantziaz ikastolan egingo den hitzaldia.
Laugarren etapa Lazkaon hasiko da eta Ataungo San Gregorio auzoan bukatu, bihar.
Ataundik Nafarroara
Bosgarren etapa ekainaren 13an izango da eta 17 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lizarrusti gainan hastearekin batera, Gipuzkoa agurtu eta Nafarroan sartuko dira etapa Etxarri-Aranatzen amaituz.
Seigarren etapa, ekainaren 14an egingo dena, 10 kilometrokoa izango da. Etxarrin hasi eta Uharte Arakilen amaituko da.
Zazpigarren eta azken etapa, ekainaren 15ekoa, 11 kilometrokoa izango da. Uharte Arakilen hasi eta santutegira bitarteko ibilbidea burutzearekin batera emango zaio amaiera Albaolak garatu duen egitasmoari. Topaketa jai giroan amaituko da, pintxo jate herrikoi batekin eta dantza tradizionalekin.