Euskal pilotaren historiaren egoitza izango da Segura astebetez
'Euskal pilota historian' jardunaldiak hartuko ditu, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren mendeurreneko ospakizunen barruan. Boteluzean aritu dira Baratze pilotalekuan.

Pilota tradizio handiko herri bat aukeratu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Euskal pilota historian jardunaldia antolatzeko. Atzotik igandera hainbat jarduera egingo dituzte federazioaren mendeurreneko ospakizunen aitzakian.
Atzo arratsaldean Boteluzea ezagutzeko ikastaro trinkoa egin zuten Segurako pilota eskolako haurrek Baratze pilotalekuan. Modalitate hori euskal pilotaren espezialitaterik zaharrena da.
Bihar arratsaldean Pilotalekuen ondarea eta paretaren mintzoa erakusketa zabalduko dute Ardixarra etxean, eta igandera arte egongo da ikusgai.
Hitzaldia eta erakustaldia
Larunbateko ekitaldiei hitzaldi batekin emango diete hasiera. Daniel Carballok Euskal pilota historian zehar gaiaz ariko da plazan (11:00-12:00) eta segidan Boteluzeko erakustaldia egingo dute hainbat pilotarik. Ikusleen artean pintxoak banatuko dituzte.