Gabiriako bertsolaritzari buruzko liburu berria aurkeztuko dute igandean
'Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian' izenburua du eta 12:00etan aurkeztuko da, Osinalden. Herriko zein kanpotik etorritako gonbidatu ugari izango dira.

Gabiriako bertsolaritzaren inguruko liburu berri baten aurkezpena egingo da igandean, ekainaren 15ean, eguerdiko 12:00etan, Osinalde elkartean. Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian izenburua du eta hainbat herritarren, Gabiriako Udalaren eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren elkarlanaren emaitza da.
Ekitaldi irekia izango da, herritar guztiei zuzendua, eta liburuan parte hartu duten egileek, Bertsozale Elkarteak, Kilometroak Kultur Elkarteak eta Goierri Beheko ikastoletako ordezkariek parte hartuko dute, besteak beste. Halaber, udal ordezkariak eta herriko bertsolariak ere bertan izango dira, eta eurak ere izango dute hitza hartzeko unea.
Horrez gain, liburuaren ontze prozesuan testigantzak eskaini dituzten gonbidatu ugari elkartuko dira aurkezpenean, eta argazki emanaldi batekin batera, mokadutxo batekin amaituko da ekitaldia.
Gabiriako bertsolaritzaren transmisioa eta historia balioan jartzeko egindako ahalegin hau herriaren oroimen kolektiboan mugarri bihurtzea espero dute antolatzaileek, eta bertaratzeko deia egin diete herritar zein interesa izan dezaketen orori.