«Hemendik motxila beteta itzultzen dira etxera»
Saharako haurrei uda errefuxiatu kanpalekuetatik kanpo pasatzeko aukera ematea da Oporrak Bakean egitasmoaren helburua; honi esker, Zeraingo aterpetxean pasatuko dute udaldia 12 haurrek.

Zerainen bizi den Maria Rodriguezek (Beasain, 1996) lau urte daramatza Oporrak Bakean egitasmoan lanean. Orain urte bete hasi zen Zeraingo egonaldia antolatzen, Goierrin haur hauek harreran hartzeko gero eta familia gutxiago daudelako. Ordiziako Orkli kooperatibaren Orklide lehiaketan irabazitako 35.000 euroko diru sariak eman zion proiektua martxan jartzeko bultzada. Data zehatzen faltan, ekainaren amaierarako espero dituzte haur sahararrak Goierrin.
50 urte igaro dira sahararrak errefuxiatu kanpalekuetan egokitu zirenetik, baina egoera ez da asko aldatu, ala?
Urte hauetan guztietan komunitate sendo bat sortu dute ezerezetik, baina errefuxiatuta bizi dira, ez dituzte nahikoa aukera herrialdetik ateratzeko, euren nortasuna eta identitatea behar den bezala bizitzeko… Hasiko bagina zerrendatzen zenbat eskubide dituzten urratuta, zerrenda luzea izango litzateke. Batzuetan ahaztu egiten zaigu, baina Mendebaldeko Sahara okupatuan oraindik gerran jarraitzen dute. Horrek guztiak eragiten du haur hauen egunerokoan.
Haur hauek bi hilabetez basamortuko bizimodu gogorretik ateratzea da helburua, hortaz?
Hemen beste errealitate bat bizitzeko aukera dute Oporrak Bakean egitasmoari esker. Gainera, ondo elikatu, mediku azterketak egin, bertako naturaz, ohituraz, kulturaz, hizkuntzaz… gozatzeko modua ere izango dute. Hemendik motxila beteta itzultzen dira etxera.
Harrera familiak falta dira?
Orokorra da, Goierrin bakarrik ez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere joera beheranzkoa da. Aurten, harrera familietara Gipuzkoara 88 haur etorriko dira eta Goierrira bi soilik; Urretxun eta Zumarragan.
«Orkliko Orklide lehiaketako diru laguntza erabakigarria izan da egonaldia antolatzeko»
Zeraingo aterpetxean saharar haurrak hartuko dituzuen lehenengo aldia da.
Egonaldia antolatzeak ekonomikoki ahalegin handia suposatzen du eta Orkliren Orklide lehiaketako 35.000 euroko diru laguntza erabakigarria izan zen. Guztira, 60.000 bat euroko kostua du 12 haurren bi hilabeteko egonaldiak. Hegaldiak soilik, 10.000 euro dira eta udalei ari naiz laguntza eskatzen: Gabiria eta Ormaiztegiko udalek adibidez, hegaldi bana ordainduko dituzte. Idiazabalgo AMPOk ere 6.000 euroko diru laguntza emango digu. Goierriko beste enpresa batzuetan ere ari gara ateak jotzen.
Azken xehetasunak lotzen ari zarete oraindik?
Gauza asko daude proiektuaren atzean. Azken orduko aldaketarik ezean, ekainaren 30ean iritsiko dira eta abuztua amaierara arte geratuko dira. Data gerturatzen ari den heinean urduritasuna areagotzen doa. Ardura handia da baina gustura nago eta egia da jende asko daukadala atzetik laguntzen.
Horrelako proiektuak elkartasunik gabe ezinezkoak lirateke?
Norbanakoengandik, elkarteetatik… laguntza asko jasotzen ari naiz, nik ezer eskatu gabe hasita daude laguntzen. Ataunen adibidez, bilketa bat antolatu zuten eta higiene produktuak dagoeneko jasota dauzkat; Ormaiztegin Sahara krosean mahai jolasak eta eskolako materiala bildu zituzten; Gipuzkoa mailan ere hasita daude arropa biltzen.