«Kolore blokeekin jokatzen dut, horma-irudiak bere osotasunean zentzua izan dezan»
Xabier Anuntzibai artista beasaindarrak hamaika lan egin ditu Euskal Herrian, Espainian zein Europan. Maiatza Olaberrian igaro du, bere azken obra egiten.

Artearen eta arkitekturaren arteko eremuan murgiltzen da artista beasaindarra: kalean horma-irudiak margotzen ditu, instalazio materialetan aritzen da, erakusketetan parte hartzen du eta Nun Produkzioak-en zigilupean sormen proiektuak bideratzen ditu espazio publikoetan.
Azken proiektua Olaberrian egin duzu.
Olaberriko Udaleko Hezkuntza Sailetik kontaktatu ninduten. Eskola inguruan horma-irudi bat margotu nahi zuten eta abiapuntu gisa ezarri zizkidaten bi kontzeptutatik tiraka, kontakizun propioa asma nezala nahi zuten. Kirola eta hezkuntza uztartuta, hain justu. Maiatzean jardun naiz proiektua gauzatzen.
Zein material eta teknika erabili dituzu?
Horma-irudiak egiterakoan pintura plastikoa erabiltzen dut, etxeetako fatxadak margotzeko erabiltzen dena, eta arrabolez, isipuz eta pintzelez forma ematen ahalegintzen naiz. Momentu puntualen batean ere esprairen bat erabili izan dut, baina oro har, koloreak nahastea gustatzen zait, eta aukera paregabea dira pintura plastikoak; kolore desberdinak hartu, bata bestearekin nahastu eta kolore berriak sortzeko aukera ematen du, aldaera eta bariazio desberdinak lortuta.
“Hautematen ditudan ideia horien guztien produktu pertsonala izaten dira ontzen ditudan lanak”
Nondik lortzen dituzu ideiak?
Inspirazio iturriak ugariak dira, ez dago bakarra den zerbait: egunerokoa, liburuak, ikusi berri dudan bideoren bat edo beste, semeak egindako marrazkiren bat, posterrak… Oro har, kartelei erreparatzea ere asko gustatzen zait, izan konposizioari, izan koloreari, izan irudiari buruzko ideiak hartzeko. Hautematen ditudan ideia horien guztien produktu pertsonala izaten dira ontzen ditudan lanak.
Zure lanen azken emaitza inguruarekin lotzen duzu, beraz.
Bai. Konposizio orokorrarekin jokatzeko joera daukat. Kolore blokeekin jokatzen dut, muralak bere osotasunean zentzua izan dezan eta inguruan integratu dadin. Ez ditut kolore oso deigarriak erabiltzen, nahiago ditut kolore apalak; muralak osotasunean koherentzia izan dezan, ez zait lanak asko saturatzea gustatzen.
Beti teknika eta estilo berak erabiltzen dituzu?
Beharraren arabera egokitzen naiz. Urte luzeetan zehar estilo eta teknika ugarirekin egin dut proba, eta nahiz eta gaur-gaurkoz esku artean baliabide asko izan, gai bakarra landu nahi duten halako enkarguetan, Olaberrian esaterako, ilustraziora bideratzeko joera daukat, kontakizunak sortzea eta tematika jakin batzuekin lan egitea errazagoa zaidalako. Ordea, lana pertsonalagoa bada, figuratiboekin edota abstrakzioekin gehiago jokatzea gustatzen zait.
Espazio publikoan lan egiteak izango du erronkaren bat.
Bai, bi esango nituzke direla erronka handienak: bata eguraldia eta bestea hormaren neurria. Olaberriko kasuan, maiatzean jardun naiz lanean, eta euri dezente egin du. Halakoetan, margotzeko aukerak nabarmen gutxitzen dira, behin hormak bustitakoan ez dagoelako margotzeko erarik. Hormari berari dagokionez ere, gero eta handiagoa izan, lana ere orduan eta fisikoagoa da. Olaberrikoak, kasu, forma berezia du: bi paretak osatzen dute bakarra, leku batzuetan baxua da eta beste batzuetan lau metro altukoa. Eragin handia du horrek, ez baita gauza bera bozetoa nahiz lana egiterakoan hankak lurrean izan edo aldamio edo eskailera baten gainean egon.