Kulturarteko festa herriko jatorri aniztasunaren ispilu
Hamasei herrialdetako ordezkariek hartuko dute parte aurtengo festan. Bertako artisauen IX. azokak osatuko da igandeko eskaintza.

7. urtez ospatuko dute igande honetan Kulturarteko festa Ormaiztegin. Euskal Herrikoaz gain, herrian bizi diren 16 herrialde ezberdinetako ordezkaritza izango da festan; baita Espainiatik Extremadurakoa ere. Urtero bezala, bertako artisauen 9. azokak osatuko du igandeko festa eguna. Zumalakarregi museoko, Ormaiztegiko Udaleko eta festan parte hartuko duten herrialdeko ezberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten atzo arratsaldean, aurtengo egitaraua ezagutzera emateko. Aurkezpena amaituta, jatorri ezberdinetako platerak dastatuz elkarrekin afaldu zuten.
Kulturarteko festa Zumalakarregi museoak eta Ormaiztegiko Udalak antolatzen dute elkarlanean, herrian kultur aniztasuna sustatzeko helburuarekin. Are, Kulturarteko festa museoko Migrazioak programaren “atal ezinbestekoa” da, herriko komunitatean “sareak eraikitzea ahalbideratzen baitu”, diote. Ormaiztegin 23 herrialde ezberdinetako pertsonak bizi dira gaur egun; horregatik diote “gisa honetako jarduerak poliki bada ere, herrian jatorriko ezberdinetako pertsonak elkar ezagutzea, hurbiltzea eta kultur aniztasuna aberasteko ezinbesteko pausoak dira”. Aurten ere, Irizar Kooperatibaren babesa izan du egitasmoak “ekimena ekonomikoki aurrera eraman ahal izateko”.
Kulturarateko festaren helburu nagusia, gastronomiaren bitartez sareak sortu eta kultur aniztasuna sustatzea dira. Horregatik, aurreko edizioetan bezala, jatorri ezberdinetako gastronomia probatzeko aukera eskainiko dute azokan Nigeria (Afrika), Ekuador (Hego Amerika), Kolonbia (Hego Amerika), Nikaragua (Hego Amerika), Senegal (Afrika) eta Mexikoko (Ipar Amerika) ordezkariek, baita Cacereseko (Extremadura, Espainia) eta Euskal Herrikoek ere. Nigeriako herritarrek trentzak egiteko saioa ere eskainiko dute.
Jakiak dastatzeko txartelak 1,5 euroan salduko dituzte, gero, bildutako dirua elkartasunezko proiektu batera bideratuko dute.
Dantza erakustaldiak
Gastronomiaz gain, kultura ezberdinen adierazpenen lekuko ere izango da igandean Ormaiztegi. Jatorrizko jantzien desfilea egingo dute herrialde ezberdinetako ordezkariek (11:30) festari hasiera emateko eta amaieran (13:00) dantza erakustaldiak egingo dituzte Euskal Herriko, Ekuadorreko, Nikaraguako, Kolonbiako, Nigeriako eta Senegalgo bizilagunek. Festa Dj. Christianen musikaz lagunduta egongo da.
Bertako artisauen azokari dagokionez, Cosmo artisautza, Angel Elorza argazkilaria, Ponpoxa pitxiak eta Ideia diseinuakek hartuko dute parte, festak irauten duen bitartean.