Astebururako txangoak Ataunen
Bi ekintza egongo dira: batetik erronka mitologikoa, 10:30ean Barandiaran museotik abiatuko dena, eta, bestea, Aralarrera txango gidatua, 10:00etan Lizarrustitik abiatuta. Biak igandean izango dira.

Jardueraz betetako asteburua dator Ataunera: Batetik, Jentilen mundua erronka mitologiko batean murgiltzeko aukera izango dute goierritarrek, ibilaldi baten bitartez, euskal mitologiako pertsonaiak ezagutzeko aukera izanda. Igande honetan eta ekainaren 22an burutuko da jarduera, goizeko 10:30ean, Ataungo Barandiaran museotik abiatuta. Familian edo lagunartean goiz ederra pasatzeko aitzakia bikaina izango dela ziurtatu dute antolatzaileek, baina nahitaezkoa izango da aurretiaz izena ematea. Ibilaldia euskaraz izango da eta helduek sei euro eta hamabi urtetik beherako haurrek lau euro ordaindu beharko dituzte.
Bestetik, Sartu Kobara txango gidatuaz gozatzeko aukera izango dute interesdunek, egun berean. Aralarren murgiltzeko eta esperientzia espeleologiko txiki bat familiartean bizitzeko aukera eskaintzen du. Goizeko 10:00etan abiatuko da, Lizarrustiko parketxetik, eta leku berean amaituko dute. Honetan ere, aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, eta bertaratu nahi dutenek sei euro ordaindu beharko dituzte, nahiz eta hamabi urtetik beherakoek sarbidea lau eurotara izango duten. Antolatzaileek mendiko arropa eta oinetako erosoak eramatea aholkatu dute, baita linterna bat ere. Kaskoa antolatzaileek ahalbidetuko dute.
Izena eman edota informazio gehiago eskuratu nahi duenak, helbidera mezua bidali edota 943 180 335 eta 688 895 069 zenbakietako batera deitu dezake.