Berdintasunaren bidea zabaltzen
Aurten 60 urte beteko dira Idiazabalgo sei emakumek lehenengoz San Adriango erromesaldian parte hartu zutela. Gaur arratsaldean, udalaren omenaldia jasoko dute herritarren izenean.

Aizkorriko lurrak erabiltzeko zituzten eskumenak berresteko, San Adriango kobazuloan bildu ohi ziren Idiazabal, Segura eta Zegamako udal ordezkariak antzina. XVII. mendearen erditik urtero berritu da ohitura hura. Gaur egun, moduak eta helburua aldatuta, festa giroan egiten dute idiazabaldarrek San Adriango erromesaldia, igande honetan errepikatuko dutena. Egitaraua urteroko berdina den arren, berezia izango da aurtengoa: emakumeek erromesaldian lehenengoz parte hartu zuteneko 60. urteurrena beteko baita.
1965. urtea zen eta Mari Tere Mujika, Julita Imaz, Pepita Urteaga, Izaskun Zabala, Kontxi Urteaga eta Maripi Imazek gona estuak soinean egin zuten lehenengoz Idiazabaldik San Adrianerako bidea. Orduan jakitun ez ziren arren, iraultza suposatu zuen euren erabakiak «berdintasunaren bideak zabaltzeko» izan zuten ausardiagatik. Julita Imaz, Pepita Urteaga eta Izaskun Zabalak diraute gaur egun oraindik bizirik eta gaur arratsaldean, 18:00etan Idiazabalgo Udalak omenaldia egingo diete udaletxeko areto nagusian. Zabalak ez du omenaldian parte hartzerik izango.
Don Bernabe, akuilu
Don Bernabe Ordiziako apaizaren erabakimena nahitaezkoa izan zen erromesaldian emakumeen parte hartzea sustatzerako orduan. Idiazabalgo Aldaize aldizkarian jasota dagoenez, Idiazabalera iritsi eta gazteekin hasi zen lanean Don Bernabe. Emakumeek erromesaldian zergatik ez zuten parte hartzen galdegin zien behinola, herriko neska-mutilen harridurarako: «Beti gizonen ohitura bezala ezagutu genuen eta hala bizi genuen».
Udaletxeko agiriak aztertu zituen apaizak. Inon ez zegoen emakumeak erromesaldian ez parte hartzeko agindurik. 1965eko erromesaldi hura berezia izan zen noski Idiazabalgo emakume hauentzat, baina zenbait gizonen artean haserrea sortu zuen balentria hark. Egoera hura zuzentzeko asmoz, 1966ko maiatzean Idiazabalgo Udalak emakumeei erromerian parte hartzeko baimena ematen zien agiria sinatu zuen. Ordutik, ez da emakumerik gabeko San Adrianik egon.
Gizonen ohitura bezala ezagutu zuten eta hala bizi zuten.
Igandean 7:30ean abiatuko da Idiazabalgo erromesaldia. Autobusez egingo dute Otsaurterainoko bidea eta handik oinez abiatuko dira San Adrianera. Ohiturak, garaiak bezala aldatu egin dira baina, arbasoen ohitura zaharrei keinu egiteko anisa banatuko duten bertan eta taldeko argazkia aterako dute ondoren.
Kobazuloaren kokapena deseroso samarra zela iritzita, Otsaurten hasi ziren Segura, Zegama eta Idiazabalgo ordezkariak bilkurak egiten. Orduan sortu zen idiazabaldarren artean San Adrianera erromesaldia egiteko ideia, «herriaren eskubideak gogoan hartzeko». Gaur egun, sinbolikoki bada ere, mantentzen da hiru herrietako udal ordezkarien arteko bilkura egiteko ohitura. Horregatik, beherakoan Zegaman lehenengo eta Seguran ondoren, geldialdia egiteko ohitura dute idiazabaldarrek agintarien artean alkate makilak edo ziorrak elkar trukatzeko.
Ongi etorriak, jai giroan
Zegaman, Gurutze Santuaren ermitaren ondoan egingo diete ongietorria 12:00ak inguruan idiazabaldarrei. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak eta Iker Zubeldiak alkate makilak trukatuko dituzte eta jai giroan ekingo diote gero, Segurarako bideari. Bertan, Izarra Urdalleta alkatearekin errepikatuko du Alberdik trukearen ohitura.
Idiazabalera iritsita amaituko da erromesaldia aurten ere. Askoren gogoan izango dira ziur, 1965ean lehenengoz erromesaldian parte hartu zuten Mari Tere, Julita, Pepita, Izaskun, Kontxi eta Maripi, erabaki txikiek aldaketa handiak eragiten dituztela jakitun.