CAFek Jerusalemgo trena eten dezala eskatzeko mobilizazio deia
CAFek akziodunen batzarra egingo du larunbatean. BDZk dio CAF Israelen egiten ari den trena «legez kanpokoa» dela. Goierri mailan eta Donostian mobilizazioak deitu dituzte eta parte hartzeko deia egin dute.

CAF. Jaitsi Zaitez Israelen Apatrheidaren Trenetik lelopean mobilizazioak deitu ditu BDZ mugimenduak, larunbaterako. CAFeko sarrera nagusian elkartuko dira, 11:30ean. CAFeko Akziodunen Batzarra egingo da ordu berean. Antolatzaileek zuzendaritzari presioa egin nahi diote, Jerusalem hiriko tranbiaren proiektuan parte har ez dezan. Manifestazio nazionala ere deitu dute larunbaterako Donostian. 12:30ean Gipuzkoa plazatik abiatuko da protesta.
BDZko ordezkari Susana Urkiak gaur CAF enpresaren Beasaingo egoitzaren atarian egin duten prentsaurrekoan gogoratu duenez «CAF tren horretatik jaitsi bitartean, horrela jarraituko dugu, izan ere, Jerusalengo tranbiak berebiziko garrantzia du Israelgo kolonizazio plangintzan, eta honi aurre egiteko antolatu garen gizarte zibilak, garrantzi bertsua eman behar diogu hau gelditzeari». Israelek Palestinako lurretan eraikitako koloniak lotuko ditu tranbiak. Kolonia hauek legez kanpokoak dira, eta CAFi konplize ez izateko eskatzen diote.
BDZko kideek publikoki salatu nahi izan dute, «Israel, su armekin gerra egiteaz gain, gerra demografikoa egiten ari dela, proiektu sionistari bidea emanez, palestinarrei oztopoak jarriz bizi duin bat garatu ahal izateko», eta guzti horretan, CAF egiten ari den tranbia «erabakiorra» dela dio BDZko kideak. «Israelek legez kanpo kolonizatutako lurrak Jerusalemi lotuz desoreka demografikoa bilatu nahi du. Gerra demografikoak sortzen dituen herritarren arteko desberdintasun hauek, Apartheid moduan sailkatu zituen Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2024ko uztailaren 19an, eta auzitegi honek, Jerusalemgo asentamenduak legez kanpokoak eta hauek desegitea berehalako egin beharra dela iradoki zuen», BDZko kideek nabarmendu dutenez. «Urte bereko iraileko Nazio Batuen batzarrak urtebeteko epea eman zion desegite hau gauzatzeko. Baina Israelek legez kanpoko asentamendu berriak egin dituela aireratu du eta kolonizazio prozesuarekin aurrera darrai», borobildu du Urkiak.
Horrekin batera, BDZko Asier Alvarez de Eulatek gogoratu nahi izan du, tranbia honen proiektua hasi zuen Veolia enpresari gertatu zitzaiona. «BDZk mundu mailan egin zuen presioaren ondorioz, han eta hemen esleipenak galdu, eta lan kargaren jaitsierak sortutako presioak gainezka egin zion proiektu honetatik alde egiteraino». Aurrekari honekin, «CAFek proiektu hau uzteko momentua iristen ari dela» uste du BDZ mugimenduak, «enpresaren biziraupena kolokan jartzen duelako». BDZ kideak gogorarazi du, «CAFeko enpresa batzordeak ere proiektu hau etetea eskatu duela».
Horren aurrean, «CAF garatzen ari den proiektua etetea» eskatu dute beste behin ere, eta larunbateko mobilizazioetara batzeko deia egin diete herritar denei.