Dena prest Seguran San Joan jaiei ongi etorria emateko
Ekainaren 21etik 25era ospatuko dituzte herriko jaiak. Festen aurrekari, asteburu honetan jai giroko hainbat ekintza daude antolatuta.

Segurako Udalak San Joan jaietako egitaraua kaleratu berri du. Ekainaren 21etik 25era ospatuko dituzte herriko jai nagusiak aurten, baina asteburu honetan hasita hainbat ekintza daude antolatuta, jai giroan bete-betean sartu aurretik.
Bihar, ostirala Antzuolako Kiimak taldeak Denboraren lehia lehen diskoa aurkeztuko du 19:30ean, plazan. Kiimak Nahia Garaikoetxea (gitarra eta ahotsa) eta Ainhoa Etxezarreta (ahotsa) bikoteak osatutako taldea da. Denboraren lehia maiatzaren 24an aurkeztu zuten lehenengoz Antzuolako Torresoro aretoan eta orain, labetik atera berria den lan hau Seguran entzuteko aukera izango da. Zazpi abestik eta olerki batek osatzen dute lana, eta hutsetik sortua da.
Pilota federazioaren urteurrena
Larunbatean, ekainak 14, Gipuzkoako pilota federazioaren 100. urteurrenaren harira Dani Carballok hitzaldia egingo du herriko plazan (11:00). Horrekin lotuta, ekainaren 14ra arte ikusgai dago Pilotalekuen ondarea eta paretaren mintzoa izeneko erakusketa Ardixarra Etxean. Boteluzeko erakustaldia ere izango da plazan, (12:00) eta ikusleen artean pintxoak banatuko dituzte.
Arratsaldean, herri kirol desafioa jokatuko da iaz bezala Segurako helduen eta gazteen artean, 18:00etan hasita herriko plazan. 9na kideko bi taldetan jokatuko da desafioa eta 8 probatan neurtuko dituzte indarrak: bolatan, tokan, korrikan, ingudearekin, trontzan, oskol biltzen, harria altxatzen eta txingekin.
Igandean, ekainak 15, Idiazabalgo erromesaldiari ongi etorria egingo diete 13:00etan. Arratsaldean aldiz, bola eta toka txapelketa probintziala jokatuko dute Xepeño Agirre bolatokian (17:00). Euria bada, Baratze pilotaleku ondoko bolatokian izango da.
Asteari musikaz ekingo diote. Izan ere, astelehenean, ekainak 16 Tobera dantza eta musika eskolako ikasleek ikasturte amaierako kontzertua eskainiko dute Errebote plazan (18:30). Eta jaien aurreko ekintza sortarekin amaitzeko, ekainaren 20an, ostirala frontoi zaharreko 12. txapelketaren finala jokatuko dute 17:30ean hasita.
Ekainaren 21ean, kuadrilla egunarekin hasiko dituzte jaiak. Zopa Pertzaren jaitsiera 11:30ean dago aurreikusita. Aurten futbol klubeko kideak arituko dira pregoilari. Hemen San Joan jaietako egitaraua osorik ikusteko aukera.