Egitarauan berrikuntzak gehituta ospatuko dituzte aurten sanpedroak
Mozorro gaua eta kantu afaria daude berrikuntzen artean. Bertako 14 ekoizleren sagardoak, bihar arratsaldeko dastaketan.

Ezkioko Santa Lutzi eta Anduaga auzoetan San Pedro jaiak ospatuko dituzte ostiralean eta larunbatean eta San Pedro egunean —ekainaren 29an—. Egutegian aurreratuta datoz aurten jaiak Jon Garziandia festa batzordeko kideak kontatu duenez, «Zumarragako Santa Isabel eta Mutiloako San Pedro jaiekin batera egokitu ez daitezen».
Egitaraua urterokoaren antzekoa bada ere, hainbat berrikuntza gehitu dizkiote aurtengoari. 19:00etan botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa eta ondoren, buruhandiak ibiliko dira auzoan zehar, «aurten lehenengo aldiz». Ohitura denez, bertako ekoizleek egindako sagardo dastaketa egingo dute gero, aurten inoizko parte hartze handienarekin: «Ezkioko eta inguruko herrietako 14 ekoizleren sagardoak izango dira aukeran».
Afalostean, aurtengo berrikuntza nagusietako bat: mozorro gaua. Dj. Oixanik girotuko du iluntzea eta mozorro onenak saria ere izango du. «Lehenengo urtea izanik, jendea animatu nahi dugu mozorroak janztera».
Larunbatean ohiko herri bazkaria egingo dute karpan, 120 bat pertsonen parte hartzearekin. Gauean, kantu afaria ere egingo dute lehenengoz. «Esku orriak banatuko ditugu kantuekin eta afaltzeko ogitartekoak eskuratzeko aukera ere egongo da». San Pedro egunean borobilduko dute jaia ohiko egitarauarekin: meza, hamaiketakoa eta jaiei amaiera emateko haurrentzako jolasak eta txokolatada.