Marmitaren jaitsierarekin hasiko dituzte bihar arratsaldean Olaran auzoko jaiak

Olaran auzoko jaiak ospatuko dituzte Zegaman, bihar-etzitan. Marmitaren jaitsierak eta pregoiak (19:00) emango diote hasiera jaiei bihar arratsaldean. Buruhandiak eta erraldoiak ibiliko dira auzoan zehar gero, Jo Motel txarangak lagunduta. Barrikotearen irekiera eta patata tortilla pintxoen banaketa izango dira iluntzean (20:00) eta Dj. Raiztik jarriko dio musika gauari.
Larunbaterako egitarau betea dute antolatuta. Herriko txistulariek emango diote hasiera egunari goiz eresiarekin (10:00). Eguerdira bitartean, haurrentzako ekintzak izango dira: jolasak gaztelekuko kideen eskutik, hamaiketakoa eta herri kirol saioa. 12:00etan herri kirol erakustaldia izango da eta 14:30ean auzo bazkaria Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolariekin. Olarango Izarren show-a ikuskizuna izango da 18:00etan. Herriko haurrek eskainitako saioa da eta eskainitako ikuskizunaren arabera puntuatuko dituzte ikusleek parte hartzaileak.
Buruhandiak eta erraldoiak aterako dira kalera 19:00etan, dultzaineroen musikaz lagunduta. Txoripanak banatu eta gero, herriko Norabide taldearekin erromeria egongo da (20:30). Fan & Go taldeak hartuko dio erreleboa gero. 21:30ean, haurrek aulki jolasean parte hartzeko aukera izango dute eta 22:30ean zezensuzkoa aterako da. Gauerdia pasata egingo dute marmitaren igoeraren ekitaldia eta 01:30ean helduentzako aulki jolasa. Igandea garbiketa eguna izango da.