VII. Goilurrak Rallya bihar-etzi jokatuko da Lazkaon
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten asteburuan jokatuko den Goilurrak Rallya. Lazkaoko Zubierreka eta Euskadi enparantza izango dira bi eguneko topaketaren erdigune. 60 kotxe lehiatuko dira, tartean goierritarrak.

Goierrira bueltan etorriko da asteburuan VII. Goilurrak Rallya, Euskal Herriko automobilismo txapelketarako puntuagarria. Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldi nagusia, Lazkaon, Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidentea, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidentea eta Aitor Murumendiaraz zein Eneko Nazabal antolatzaileak bertan zirela. Lazkako Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek elkarlanean antolatutakoa da.
Urtero bi herrietan txandaka egin izan da, eta aurreko urteko Azkoitiko erdigunea atzean utzita, Lazkaon izango dira aurtengoan, bihar eta etzi bitartean, parke itxia, asistentzia gunea, egiaztapen-egite eta sari-emate tokiak. Zubierreka industriagunea eta herriko plaza izango dira, besteak beste, asteburuko topaleku nagusiak. Azkoitiko plaza, berriz, zapatu goizeko bigarren eta laugarren erlojupekoen ondorengo elkartze-gune soilik izango da. Orotara, inguruko punta-puntako 60 kotxe lehiatuko dira. Goierritarrak ere izango dira tartean.
Motor festari hasiera
Aurtengo edizioak ez du berezitasun nabarmenik izango, nahiz eta Goierriko erlojupekoaren zatietan izango den aldaketa txikiren bat edo beste, urtero errepikakorrak ez suertatzeko. Gainerakoa, ohiko osagaiekin eramango da aurrera.
Bihar, ostirala, 16:30etik 19:30era Zubierrekako industriagunean egingo den autoen egiaztapenarekin emango zaio hasiera bi eguneko topaketari, gero 20:30ean irteera ekitaldia egingo da eta kotxe guztiak banan-banan joango dira asistentzia gunera, bertan gaua pasa eta hurrengo goizean lasteketari hasiera emateko.
Larunbatean 08:15ean aterako da aurreneko autoa: lehenengo eta hirugarren erlojupekoak Salbatore-Matxinbenta tartean (10,7 km) jokatuko dira, eta Mandubiko mendatea igo eta jaitsiko dute bitan. Arratsaldean ere Goierri izango da elkargune: Zerainen hasi, Aztiriara joan, Legazpira jaitsi, Atagoitiko zatiaren barrena minetara igaro, eta Mutiloan bukatuta (22,91 km).
18:55 aldera, aurreneko parte-hartzaileak plazako parke itxira iristea aurreikusi dute antolatzaileek, eta 19:30 aldera argitaratuko dituzte emaitza totalak. Ondoren, sari eta oroigarrien banaketa egingo dute plazako frontoian, 20:00etan.
Errepideak itxita
Goiz guztian zehar, zein arratsaldean, errepide batzuk itxita egongo dira rallyak iraun bitartean; 07:00etatik 13:30era Matxinbenta-Salbatore zatia itxita egongo da (errepide nagusitik) eta 14:30etik 19:30era, aldiz, Mutiloa-Zerain-Legazpi-Gabiria zirkuitua. Antolakuntzak bizilagunei telefono zenbaki bat jarri die eskura, etxetik irteteko edo hara sartzeko une egokienak zein diren jakiteko deitu dezaten. Larrialdi kasuetarako anbulantziak jarriko dituzte ibilbideko zenbait tokitan, karrerako eta bestelako beharrei erantzuteko.