Estanko eta Seroretxe etxeak erosi ditu Zaldibiako Udalak, erabilera publikorako
Gaur bukatuko da Estanko etxearen lizitazioan parte hartzeko epea. Estanko etxean jangela, haur-eskola eta etxebizitzak egokitzea aurreikusi dute. Alkateak azaldu du «zaila» izango dela epe motzean Seroretxen «ezer bultzatzea».

Zaldibiako Udalak azken asteetan bi eraikin berri eskuratu ditu Santa Fe kalean: Estanko etxea (Bidearte) eta Seroretxe etxea. Biak udalaren jabetzakoak dira ja, eta datozen urteetan erabilera publikoko helburuetarako egokitzea da asmoa, birgaitze prozesu desberdinen bidez.
Estankoa, herriarentzako
Estanko etxean aurreneko urratsak egin ditu dagoeneko udalak. Orain bi aste obra-exekuzioaren proiektua idazteko eta lanaren zuzendaritza esleitzeko deialdia zabaldu zuen, eta gaur amaituko da lizitazio horretan parte hartzeko epea, 13:00etan.
Inork proiekturen bat aurkeztuz gero, idazketa eta aurrekontuen zehaztapenen ostean, herritarrei zuzenduriko parte-hartze prozesu bat abian jarri beharko litzatekeela nabarmendu du Ioritz Berra alkateak, erabilerei buruzko proposamenak bertan lantzeko. Hala ere, eraikina berritzeko prozesua denboran luze joango den proiektua dela azaldu du: «Urtea amaitu baino lehen aurreproiektua aurkeztu beharko litzateke, hurrengo otsailean proiektua bera. Hortik aurrera, eraikuntza lanek hiru urte eta erdi inguru iraungo lukete, gutxienez».
«[Bidearte etxean] Ez dakigu gazte emantzipaziorako etxebizitzak ala helduentzakoak izango diren, ikusteko dago oraindik»
Ioritz Berra. Zaldibiako alkatea
Etorkizuneko erabilerei dagokienez, Berrak Estanko etxean aurrera eramatea aurreikusten den proiektua zein den nabarmendu du: beheko solairuan eskolako jangela egokitzea, aurreneko solairuan haur-eskola jartzea eta goiko bi solairuetan, etxebizitzak sortzea. Alabaina, etxebizitzen izaera zehazteke dago oraindik: «Ez dakigu gazte emantzipaziorako etxebizitzak ala helduentzakoak izango diren, ikusteko dago oraindik».
Seroretxe, zehazteke
Seroretxe etxearen inguruko egoera, ordea, «konplexuagoa» da. Izan ere, indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, Seroretxe eta haren alboan dagoen Olano etxea «partzela berean» kokatzen dira. Udalak Seroretxe erosi du, baina Olano etxearen jabetza zatikatua dela azpimarratu du: «Zazpi edo zortzi jabe ezberdin ditu».
Udalaren asmo hipotetikoa anbulatorioa bertara eramatea zela esan du Berrak, baina Estanko etxeko lanak bideratzeko udalak eskatu beharko duen maileguaren ondorioz, gaineratu du «zaila» izango dela epe motzean udalak Seroretxe etxean «ezer bultzatzea».
Hala ere, ez du aukera guztiz baztertzen: «Aukera legoke Olano etxeko jabekideek edo etxea erosi nahiko lukeen pribaturen batek udalarekin elkarlanean bertan zerbait bideratzea».