Goiekik urteko batzar orokorra egin du Ordizian
Hamahiru herritako ordezkariek parte hartu dute batzarrean. Iazko ekintzen memoria eta txosten ekonomikoa onartu dituzte.

Goiekik urteko Batzar Orokorra egin du gaur Ordizian, Goierriko Berrikuntza Guneko NBF Eraikinean. Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura eta Zaldibiako udal ordezkariek hartu dute parte.
Batzarreko gai nagusiak 2024ko Ekintzen Memoria eta Txosten Ekonomikoaren onarpena izan dira, eta Goiekiko arlo desberdinetako proiektuetako datu esanguratsuenen deskargua ere egin dute.
Aurrekontuari dagokionez, 2024ko Ekitaldiaren aurrekontua 1.230.799,40 eurokoa izan da –%40a udalen ekarpena, 502.369,66 euro–, eta gainontzekoa diru-laguntza desberdinetatik bideratua.
Industria arloa
Industria arloan 153.849,76 euroko aurrekontua exekutatu zen 2024. urtean eta proiektu esanguratsuenak, ETE Digitala (GFA), Eskualdeko kooperatiben azterketa (Goilan) eta Lanaren Zentzua (GFA) izan ziren. Aipatzekoa da baita ere Goierri Valley Elkartearen koordinazioan laguntzen dela.
Ekintzailetza
Ekintzailetza sailak, 128.890,60 euroko exekuzioa izan zuen. Guztira, 98 kontsulta eta 37 bideragarritasun plan kudeatu ziren. 29 negozio berri ireki dira, 46 lanpostu berri sortuz. Gaur egun, Goiekik kudeatzen duen enpresa gunean 22 enpresa daude kokatuta.
Turismoa (Goitur)
Goiekiko kontuekin batera Goitur-ekoak ere onartu dituzte. Turismoan 267.121 eurotako aurrekontua exekutatu da hiru lan lerro nagusietan: lehiakortasuna, produktu-zerbitzuak eta azkenik promozioa eta komertzializazioa.
Ingurumena
Ingurumen arloko aurrekontua 101.262,72 eurokoa izan zen eta Goierriko energia planean finkatutako ekintzak garatu dira, Energia mahaiak adostu bezala: Goierriko Energia Bulegoa, Trantsizio energetikorako komunitateak eta mugikortasun jasangarria enpresetara izan dira proiektu esanguratsuenak.
Goierriko Energia Bulegoan 264 kontsulta jaso dira 2024an eta 391 hitzordu eman dira; horietatik %92 aurrez aurrekoak izan dira eta %8 telefono edo emailez.
Gizarte Arloa
Gizarte Arloak 125.343,3 euroko gastua izan zuen 2024an eta Goierriko enplegu plana eta kolektibo zaurgarriak gizarteratzeko proiektuak garatu dira;, horien artean, Elkar-Ekin Lanean (GFA) proiektua. Lorezaintza, ehungintza, garbiketa eta zaintza ikastaroak antolatu dira kolektibo hauek laneratzeko helburuarekin.