Mounir Marijeh: «CAF enpresak eta Euskadik nazioarteko zuzenbidea defendatu behar dute»
Mounir Marijeh Jerusalemgo palestinarra, Euskal Herrian dago hitzaldi sorta bat eskaintzen, Israelen kolonialismoak Palestina osoan izan dituen ondorioak azaltzeko, eta CAF bezalako enpresen konplizitateak eskubideen urraketan duten eragina salatzeko.

Mounir Marijeh Jerusalemgo palestinarra Euskal Herrian dago hitzaldi sorta bat eskaintzen, Israelen kolonialismoak Palestina osoan izan dituen ondorioak azaltzeko, eta CAF bezalako enpresen konplizitateak eskubideen urraketan duten eragina salatzeko.
Ekialdeko Jerusalemgo egoera arautzen duten lege-esparruetan jarri nahi du fokua Marijeh-k. «Israeldar okupazioa legez kanpokoa da Nazioarteko Justizia Auzitegiaren arabera, lurralde okupatuetan arrazagatiko bereizketa ematen ari delako, eta horrek, palestinarrak apartheid egoeran daudela esan nahi du». Egoera horrekin ahalik eta azkarren amaitzeko eskaera ere egiten dio gobernuari. Baita legez kanpoko asentamenduak deuseztatu eta judutarren gehiengoa bermatzea bultzatzen duen demografia aldaketa saiakera alde batera uzteko ere. «Berebiziko garrantzia du Jerusalemgo tranbiaz edo Jerusalem inguratzen duten 15 asentamenduen inguruan mintzo garenean», dio Marijeh-k. «CAF enpresak eta Euskadik nazioarteko zuzenbidea defendatu behar dute», gehitu du.
NBEko batzar orokorrak 2024ko irailean adostu zuen ebazpenaren arabera, 12 hilabetetan legez kanpoko okupazioa deuseztatzea eskatu zuen. Palestinar lurren okupazioak aurtengo irailean amaitu behar luke. «Ez dirudi eskaera zein ebazpen hauei jaramon egingo dienik… alderantziz, okupazioan aurrera urratsak egiten ari dira, eta palestinarren bizi baldintzak gogortuz doaz. Okupazioa handitu eta Zisjordania deitzen diogun lurraldean, 22 asentamendu gehiago eraikitzeko asmoaren berri eman du. Asmo horiek, gainera, Jerusalem ekialdeko asentamenduak are gehiago handitzea ere ekarriko luke. Eta tranbia honek lurraldearen kontrola bermatzea lagunduko luke», adierazi du.
Euskal Herrira etorri da horren guztiaren berri ematera. «Zein den Jerusalemgo lege testuingurua, giza eskubideen zein nazioarteko legediaren urraketen berri eman… eta uste dugu, CAFeko buruzagiek ez dutela hori ongi ulertu. Legez kanpoko okupazioaren aldeko azpiegiturei lagunduz, CAFek legez kanpo jokatu dezakeela uste dugu. Izan ere, Nazioarteko Justizia Auzitegiak herrialdeek obligazioak dituztela ere esan du». Batetik, «legez kanpoko okupazioari laguntza ematea saihestu beharrekoa» dela nabarmendu du, eta bestetik, «israeldarren presentzia lurralde okupatuetan legezkoa delako itxura ematea» gaitzetsi du Marijeh-k. Hori horrela, «tranbia honek bi puntu horien urraketa ekar lezake, eta horrek CAFi erantzukizun legalak izatea ekar liezaioke etorkizunean», borobildu du.
Giza eskubideen bermea
Jerusalemgo tren arinak legez kanpo okupatutako lurrak hiri zaharrarekin lotu eta palestinarren gaineko kontrola handitzen lagunduko duela ulertzea garrantzitsua da da Mounir Marijeh-rentzat. «Honekin Palestinarrei Jerusalemen bizitzea zaildu nahi zaie israeldar burujabetza lurralde okupatuetan zabalduz» adierazi du. Horregatik, «nazioarteko ekintzak palestinarren giza eskubideak bermatuak izan daitezen eskatzea garrantzitsu ikusten dugu», gehitu du Goierrira egin duen bisitan. Gatazkari irtenbide bat bilatzeko bidean, «Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzitakoa betearaztea eskatzea da nazioarteak egin dezakeena» Marijehren esanetan. Horrez gain, «beharrezkoa da palestinarrek dituzten eskubideak babestea, batez ere, autodeterminaziorako eskubidea» aldarrikatu du.