Ataunen erreka aterarazi, eta lohi eta hondakin ugari utzi du bart gaueko ekaitzak
Urak hartutako eremuetan harritza handiak geratu dira. Bidarteko zubia eta Aldarretako bidea itxita daude ibilgailu mota guztientzat.

Bart gaueko ekaitzak Ataunen hondamen handia eragin du. Errekek gainezka egin zuten hainbat lekutan, eta, uraren indarraren erakusgarri, harri, lohi eta hondakin ugari utzi du ureztatuta geratu ziren lekuetan. Bart, 23:30 inguruan, Kurtuiztik behera datorren errekak Bidarteko zubia itxiarazi zuen. Gaur goizean ikusi ahal izan da hondamenaren tamaina: harritzak errepidean, erreka inguru guztiak lokatzak hartuta, eta zenbait errepide itxita. Bidarteko zubia eta Aldarretarako bidea itxita daude, ibilgailu guztientzat. San Martin auzoko plazako lurpeko aparkaleku publikora iristeko ohiko bidea ere itxita dago. Handik irteteko, Errotakale aldetik plazara igo behar da. Garbiketa lanak goizean hasi ditu Ataungo Udalak, makinekin eta kamioiekin.
Argazkiak: Ataungo Udala