Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik irabazi dute Goilurrak Rallya
Apalantza-Zapirain izan dira bigarren, eta Idigoras-Campos hirugarren.

Iaz lortutako garaipena errepikatu dute gaur Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik Lazkaon, VII. Goilurrak Rallya irabazita. Renault Clio Williams autoarekin, jaun eta jabe izan dira eguraldiaren ziurgabetasunak eta ohiko gogortasunak zaildu duten auto lasterketan. Sailkapen nagusian 35 segundora utzi dituzte, bigarren postuan, Gorka Apalantza eta Ane Zapirain (BMW M3), eta 1:44 minutura Gorka Idigoras eta Nerea Campos, hauek ere auto ‘txiki’ batekin (Peugeot 208 Rally4).
Rallyaren sei zatietatik bost lehiatu dira osorik. Endoiako 4. zatia neutralizatu egin dute. Faboritoek, lehenbiziko postuetan irteten direnez, osatu ahal izan dute zatia, eta nagusirako zenbatu dituzte horko denborak ere.
Egunak hiru izen nagusi ditu: Antxustegi-Urresti, Apalantza-Zapirain eta Ibon Otaegi-Xabier Lizarralde. Aurreneko lau erlojupekoak euren artean banatu dituzte. Mandubiako lehenengoan Apalantza nagusitu dira, Otaegi segundo 1era eta Antxustegi 5era gertu zituela. Endoiako bi zatiak (2. eta 4. erlojupekoak) Antxustegik menperatu ditu, bietan azkarrena izan baita. Apalantzari segundo bana ateratzea soilik lortu du, ordea, bietako bakoitzean. Otaegik 2.ean 4 soilik galdu ditu, baina 4.ean 19 segundo –hirugarren izan da zati horretan, hala ere–. Mandubiako bigarren pasaeran (3.erlojupekoa), Otaegik lortu du irabaztea, Antxustegi 6ra eta Apalantza 9ra utzita.
Ezin berdinduago zegoen hiruren arteko dema, goizeko lanak bukatutakoan. Antxustegi zegoen behin-behineko lider, bigarren Apalantza denbora berean, eta hirugarren Otaegi, 12 segundorekin eta edozertarako aukerekin. Hiruren probatu dute behin-behineko lidertza, zatiren batean.
Arratsaldean, Zerain-Aztiria-Legazpi-Gabiria-meategiak-Mutiloa pasaera bikoitzak ebatzi du, ia beti bezala, Goilurrak. Otaegik utzi egin behar izan du lehia 5. erlojupekoan. Antxustegiren eta Apalantzaren buruz burukla geratu da, ezin estuagoa. Arratsaldeko lehenengo kolpea Antxustegik jo du, 5. zatia irabazita, baina erreziladarra urruntzea lortu gabe (0,9 segundora nagusian). Idigorasek aprobetxatu du Otaegik utzitako zuloa, zatian eta nagusian 3. eginez.
Azken erlojupekoan, aurrekoaren ibilbide berean jokatua, Antxustegik ez du hutsik egin, eta zatia bereganatu du. Apalantzak bai, egun guztiko ahuldade bakarra orduan izan du, eta 34 segundo –eta rallya– galdu ditu, zatia hirugarren amaituta; Garikoitz Lopez eta Haizea Txoperena kokatu dira bigarren.
Arratsaldean, bustiak eman die buruhaustea taldeei. Euria askorik ez, baina zerbait egin du, lehorreko gurpilekin atera direnei axioa eragiteko lain. Bukaerako iritsiera eta sari banaketa Lazkaoko plazan egin dituzte, iluntzean. Rallyan lehenengo sailkatu goierritarra Mikel Nazabal zaldibiarra izan da, 6. postuan. Xabier Mujika urretxuarra eta Miriam Iztueta ere lehen hamarretan sartu dira. 60 auto zeuden izena emanda, eta 37k bukatu dute rallya.
VII. Goilurrak Rallya. Sailkapen nagusia:
- Gorka Antxustegi – Xabat Urresti (Renault Clio Williams). 56:14,6 minutu
- Gorka Apalantza – Ane Zapirain (BMW M3). 35,5era.
- Gorka Idigoras – Nerea Campos (Peugeot 208 Rally4). 1:44,4ra
- Garikoitz Lopez – Haizea Txoperena (Citroen Saxo VTS). 1:53,6ra
- Jon Zubeldia – Nagore Errazkin (BMW 330I E36). 2:27,2ra
- Mikel Nazabal – Ion Cid (BMW 330I E36). 2:47,2ra
(FL) Aritz Murua – Iker Etxeberria (BMW 330I E36). 2:56,7ra - Unai Barburu – Olatz San Miguel (Renault Clio Williams). 3:15era
- Xabier Mujika – Miriam Iztueta (Citroen Saxo VTS). 3:15,1era
- Aritz Iriondo – Joseba Sanchez (Peugeot 208 Rally4). 3:22,2ra
(FL) Eneko Alkorta – Maren Zelarain (BMW 328I E30). 3:46ra
(FL) Koldo Betanzos – Alize Etxebarria (BMW 316I E30). 3:54,1era - Mikel Gandiaga – Maite Lekuona (Peugeot 106 S16). 3:57ra

Gorka Antxustegi-Xabat Urresti garaileen autoa, eta atzean Apalantza-Zapirainena, Lazkaoko plazan, bukatutakoan. Aimar MaizAimar Maiz