Joseba Sarrionandia Goierrikoa da jada
Goierriko irakurle taldeen 7. topaketan omendu dute idazle iurretarra. 'Markos Gimenoren 101 letrakartel' palindromo liburua aitzakia hartuta, solasaldi mamitsua eta jendetsua egin dute.

‘Ni ez naiz hemengoa’ idatzi zuenetik 40 urtera, Goierrikoa dela esateko moduan da Joseba Sarrionandia Uribelarrea idazlea (Iurreta, Bizkaia, 1958). Ormaiztegiko San Andres eskola-guneko Karramarro aretoa eskualde osoko irakurlez beteta zela, omenaldia eta aitortza egin diote. Goierriko Irakurle Taldeen 7. Topaketan bederatzi herritako 60 lagunetik gora elkartu dira.
Hasteko ordurako puntuan, lagun batekin inguratu da Sarrionandia, xume eta isil, aretora. Euskal literaturan idazle prolifikoenetakoa da, 60 bat liburu idatzita edo itzulita. Azkenetariko sorkuntzetakoa duen Markos Gimenoren 101 letrakartel (Pamela, 2023ko abendua) landu dute gaur denen artean, baina begia ibilbide literario osoan iltzatuta.
Goierriko irakurle taldeen artean ere berrienetakoa da Ormaiztegikoa. 2019an sortu zuten, Zumalakarregi Museoaren ekimenez. Lau liburutarako zenak sustraiak sendo bota zituen, eta udalak hartu zion segimena. Hilabetean behingo taldearen saioak dinamizatzen dituzten Monica Leiva eta Miriam Luki –ez zuen etortzerik– ere eskertu dituzte, solasaldia hasi eta berehala. Jarraian, arreta Sarrionandiarengan jarri du Aloña Aranburu aurkezleak. “Ohorea” dela aitortu dio Goierriko topaketan hura hartzea. Gonbidapenari baiezkoa lehenengo egunean eman ziola txalotu, eta gaurko solaserako irakurgaia egileak berak proposatu zuela azaldu du.
Urmaiz abesbatzak bi abesti eskaini dizkio, jarraian: Kantuz (Alexander Lesbordesena), eta Habanera (Xabier Leterena). Aurten 20. urteurrena du Urmaizek.
Hizketarako etorri da Sarrionandia, eta berehala heldu dio mikroari. “Etxera bueltatutakoan, amaren etxean nire liburu denak apaletan ilaran jarrita zeuzkala ikusi nuen, 50 edo 60. Oso gazterik, 15-16 urterekin hasi nintzen euskaraz idazten, erdi-debekatuta zegoenean. Bainan aitak, hala ere, beti galdetzen zidan ea beharrik [lanik] egin behar nuen. Liburu asko atera ditut, lanik egin ez dudalako”, desenkusatu du bere burua, umoretsu, Sarrionandiak.
Sarrerakoen ondoren, multzo txikietan banatuta landu dute herri askotatik etorritako irakurleek nahasian Markos Gimenoren 101 letrakartel. Izenburuan ageri duen bezala, palindromoei buruzkoa da (aurretik atzera edo atzetik aurrera berdin idazten diren testuak dira palindromoak), eta haien egile Markos Gimeno zena ezagutaraztekoa. Euskarazko palindromoen historiatxoa ere jorratu du, Augustin Chaok “azti-hitza” deitzen ziela argitzetik, Ramon de la Sota bilbotar oligarkak eskuratu zuen inprenta modernoarekin eta bertan EAJk ateratzen zuen Euzkadi egunkariarekin jarraitu, eta Kirikiñok hango Euskal Orria euskarazko orrialdea klausuratu izanari nola erantzun zion esplikatzeraino: euskarazko palindromoen lehen lehiaketa asmatu zuen, 1923an. Hiru hilabetez igorri zituen irakurleek, egundoko sorta pilatzeraino.
Literaturaren, hizkuntzaren, euskaldunen historiaren eta bestelako jakingarrien errezitaldi oparoa egin du Sarrionandiak. Bukatzeko, artelan bat oparitu diote, Ormaiztegiko hiru artistak egina. Kontxi Simon, Belen Iza eta Nerea Magallanes artistek Akordatzen liburuan oinarritutako sorkuntza bat egin diote, paperezkoa. “Liburuan bertan azaltzen diren hitzekin ideia izanda, nolabait bere bizitza malkartsua, hautsitako harrizko lauza batean irudikatzea eta lan hau osatzeko erabili dugun liburu bat –Francisco Letamendia Ortzi-ren Euskadi pueblo y nación– oso egokia iruditu zaigu, bertan azaltzen diren pasadizoak, Josebak bizi izandakoekin zerikusi handia daukatelako”, azaldu dute ideia.
Bitxikerien artean, irakurle askok Sarrionandiaren libururen bat eraman dute –gaur landu dutenaz aparte–, egireak sina ziezaien. Horien artean, aurrenekoa ere bazeukan ormaiztegiar batek, Intxaur azal baten barruan. Eguberri amarauna (Amnistiaren Aldeko Mugimendua, 1983), espetxean zeukatela idatzitakoa.
Amaieran, taldeko argazkia atera, pintxo batzuk jan, eta 2026ko Goierriko irakurle topaketa antolatzeko lekukoa Segurakoei eman diete. Segurarrak, San Joan jaien aurreko asteburuan murgilduta, ez dira gaurko topaketan izan.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea





























