Mounir Marijeh palestinarrak CAFeko akziodunei batzarrean azaldu die Jerusalemgo tranbiaren proiektua legez kanpokoa dela

Palestinaren aldeko eta Israelen okupazioaren aurkako mezuak eta aldarrikapenak entzun dira gaur, Beasainen, CAF enpresaren 3. Dibisioko sarreran. Beste behin, tren egile goierritarrak Jerusalem ekialdea eta Palestinako lurralde okupatuak lotuko dituen tranbiaren proiektua gaitzetsi dute, barruan CAFeko Akziodunen Batzarra egiten ari zirela baliatuz. Amnesty Internationalek, BDZ Euskal Herriak eta Argituz elkargoek deitu dute protesta.
Beste urte batzuetan ez bezala, Palestinako errealitatea eta “kexa formala” batzarrean bertan azaldu ahal izan dute. Mounir Marijeh palestinar ekintzailea bertan izan da, eta akziodunei aurrez aurre aurkeztu dizkie Jerusalem ekialdeko egoera, okupazioaren errealitatea eta CAF garatzen ari den proiektuaren eragozpenak.
“CAFeko akziodunei Jerusalemgo benetako egoera zein den esplikatzera etorri naiz gaur, ahaztu dutela dirudielako. Jerusalem gobernatzeko dagoen lege-makoa zein den gogoraraztera etorri naiz, eta, bereziki, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren sententzia. Israelek lurralde palestinarrak okupatzea legez kanpokotzat jo zuen epai horrek, eta okupazio horretatik lehenbailehen erretiratzera behartzen du Israel. Epai horren betebeharrak gogoraraztera etorri naiz. Nazio Batuen Erakundeko kide diren estatuak behartzen ditu legez kanpoko okupazioak jarrai ez dezan ekitera”, azaldu du Marijeh-ek hedabideen aurrean, batzarrera sartu aurretik.
Amnesty Internationaleko kideek lagundu diote CAFen instalazioetara, behin sarrerako kontrola arazorik gabe igaro ondoren. “CAFek nazioarteko legalitatea eta Jerusalemgo biztanleria palestinarraren eskubideak azkenean errespetatuko dituela espero dut”, bukatu du.
Marijeh-ek CAFeko akziodunei zuzenean “gutun formal bat” aurkeztuko ziela aurreratu du BDZ Euskal Herria erakundeko kide Richard Weyndling-ek. “CAFek, bere akziodunei bidalitako 2024ko urteko txosten ez-finantzieroan testualki esan zen ez zuela inolako kexa formalik jaso Jerusalem ekialdeko biztanleria palestinarraren aldetik. Mounir kexa formal hori Akziodunen Batzarrean aurkeztera etorri da gaur hona. Jerusalemgo estatusa gobernatzen duen legezko egoera azaltzen duen gutun bat ekarri du, zeinetan dioena CAF une honetan bertan Jerusalemen eraikitzen eta operatzen ari den tranbiaren proiektua legez kanpokla dela”.
Amnesty Internationalen babesarekin
Amnesty Internationalen izenean, Espainiako erakundeko Enpresak eta Giza Eskubideen taldeko Cecilia Denis eta Sofia Garcia Arana izan dira agerraldian. “Enpresari exijitu diogu Palestinako lurralde okupatuetako giza eskubideen urraketak eten ditzala. Dagoeneko askotan esan dugun bezala, CAF eraikitzen ari den Israelen eta legez kanpoko asentamentuen arteko tren arina giza eskubideen urraketa larria da, eta nazioarteko erakundeek ere adierazia dute, Nazio Batuek, Europako Batasunak eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak kasu. Estatuei gomendatu diete Israelekin ekinbide ekonomikorik ez dezatela egin lurralde palestinar okupatuei dagokienean, ekinbide horiek Israelen lurralde horietako hedapena dakartelako, eta Hagako Itunak debekatua dauka hedatze hori. CAFek erantzuten duen arren ez dela giza eskubideen urraketarik gauzatzen ari, hori ez da egia, eta Akziodunen Batzarrari dei egin nahi diogu, eta entzun gaitzatela nahi dugu –bereziki erreferentziazko akziodun diren Eusko Jaurlaritzak, Kutxabankek eta Mayoralek–, haiek ere CAFi exiji diezaiela giza eskubide urraketa larri horiek eta tratu komertzialak uzteko. Tratu horiek egiten ari da genozidioa burutzen ari den estatu batekin eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aldetik gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako delituengatik atxilotze agindua duen Netanjahu lehen ministroarekin”, azaldu du Cecilia Denisek.
Sofia Garciak gehitu duendes, Amnesty Internationalek “ehin eta berriz” eskatu die akziodunei CAFek giza eskubideen erantzukizunak betetzeko. Hark ere deia batez ere “erreferentziazko akziodun” diren Eusko Jaurlaritzari, Kutxabanki eta Mayorali egin die, zuzenean izendatuta. “Ondorioz, tranbiaren proiektua eta Israelgo Gobernuak Palestinako lurralde okupatuetan bultzatutako edozein lizitazio deuseztea eskatzen dugu”, gehitu du Garciak.
BDZ Euskal Herria plataformaren izenean, Asier Alvarez de Eulatek hartu du hitza enpresaren atarian. “Gaur Mounir hemen egoteko eta azken hamabost egunetan Euskal Herrian bueltaka izateko arrazoia izan da azken txosten ez finantzieroan, CAFek bere akziodunei bidalitakoan, esan zuela Palestinatik eta Jerusalemdik ez zuela inolako kexarik jaso. Orduan, Euskal Herrira bira bat egitera ekarri dugu, azaldu dezan alde batetik zein den Jerusalem okupatuko egoera eta horretan nazioarteko legediak zer zerikusi daukan. Aprobetxatuz gaur CAFeko urteroko batzarra izango dela hemen, Palestinatik eta Jerusalem Ekialdetik bertatik ekarri duen gutun formal bat ofizialki batzarrari helaraziko dio, esateko benetan baietz, badaudela kexak eta arrazoiak CAFek proiektu hau albo batera utz dezan”.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea


















