Mutiloa eta Ormaiztegi UEMAko kide dira
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Azkoitian egin duen urteko batzarrean onartu dituzte bi bazkide goierritar berriak, Donamaria, Ibarrangelu eta Mundakarekin batera.

Goierriko beste bi herri gehiago dira Udalerri Euskaldunen Manomunitateko kide, gaurtik. UEMAk Azkoitian egin du urteko lehen batzar nagusia, eta bertan onartu dituzte aho batez bazkide izateko eskaria egina zuten Mutiloa eta Ormaiztegi. Bi goierritarrekin batera, Donamaria (Nafarroa), eta Ibarrangelu eta Mundaka (Bizkaia) ere sartu dira mankomunitaean.
Batzarrean izan dira Ormaiztegiko eta Mutiloako alkateak, Jon Enrique eta Iñaki Ugalde. Bi kide berriekin, Goierriko 15 udalerri dira dagoeneko UEMAko kide: Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Mutiloa, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain. Guztira, orain 118 udalerrik, 253.000 biztanlerekin, osatzen dute mankomunitatea.
Kide berrien onespenaz gain, UEMAren 2025-2029ko plan estrategikoa onartu dute. 125 bat alkatek eta zinegotzik parte hartu dute bilkuran.
Ataungo alkate eta UEMAren lehendakari Martin Aramendik egin du batzarreko buru. Elkargoa hazten ari izanaz poztu da, eta lanerako deia egin die. “Hazten ari da udalerri euskaldunen lurgunea, eta horrekin batera, baita UEMA ere. Poztekoa da gaur bost udalerri gehiago izatea gure artean. Ongietorria eman diegu, eta baita eskua luzatu ere lanean hasteko. Izan ere, hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea. Beraz, hurrengo lau urteotarako plan estrategikoarekin batera, lanerako ardatz berriak ere onartu ditugu”.
Siadeco ikerketa etxeak UEMArentzat egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoaren emaitzak ere aurkeztu ditu Iñaki Iurrebaso soziologoak eta UEMAren ikerketa arduradunak. Gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanda, eta oraingo joera soziolinguistikoak bere horretan jarraituz gero, euskararen egoera 2036an zein izango den aztertu du Siadecok. Eragileei erakutsi ondoren, aste batzuk barru egingo ditu emaitzak publiko UEMAk.