Urak hartu ditu berriro Lazkaoko kaleak
Urpean geratu dira ekaitzaren ondoren herriguneko zenbait kale, errepide eta garaje.

Lazkaoko kalea urpean geratu da ostiral gau honetan, ekaitzaren ondorioz. Eurite mardula egin du 22:20tik 23:00ak aldera arte, eta estolderia sareko kainu-zuloek ezin izan dute ur guztia irentsi. Hala, Enparandegi baserri aldetik ura errepidean eta kalean behera etorri da. Kaleak, bideak, parkeak eta zenbait garaje hartu ditu. Behin atertu duenean, urak bere onera etorri dira kale gainetan, baina uraldiak ekarritako lokatza geratu da. Garaje batzuetan 10-12 zentimetro altu hartu du. Iazko maiatzaren 19ko uholdea gogorarazi du, hein handi batean. Ekaitza pasatu denean, zenbait eremutan kale argiak joan dira.
Euskalmeten estazio meteorologikoetako datuen arabera, Lazkaotik gertuen dagoen Agauntza neurketa lekuan 41 litro ur bota du 22:30etik 23:10era bitartean. Horren aurretik, arratsaldean ere beste ekaitz bat sartu da, prezipitazio handiarekin. Harria ere egin du. Egun beroa izan da Goierri osoan, eta eguzkitan 38 gradura iritsi da tenperatura. Iluntzean, 19:00ak aldera, hegoaldetik ekaitz-lainoteria sartu da, eta Agauntzaren arroan euri asko egin eta 21 gradura jaitsi du. Intentsitate altuagoko prezipitazioak –eta ondorio kaltegarriagoak utzi dituztenak– gaueko bigarren ekaitzak eragin ditu, ordea, eta trumoi eta tximista bolada ia ordu erdi luzatu da.
Argazkiak: Aimar Maiz














Kapilduiko radarrean ekaitza erregistratuta: