Zaldibian kalte handiak eragin ditu euriteak
Bart bi orduan botatako erauntsiak kalte ugari sortu du Zaldibian. Elbarrena, Arruegi eta Aiestaran-erreka auzoetako baserri, soro eta zelaiak izan dira kaltetuenak. Gaintzarako errepidea ere itxita dago. Auzolanean aritu dira herritarrak eta lagun-taldeak inguruak garbitzen. Albistean, argazkiak eta bideoak.

Denbora gutxiko tartea izan zen, baina eragindako kaltea handia izan da. Atzo iluntzean botatako erauntsiak kale giroan harrapatu zituen zaldibiar asko, zetorrena aurreikusi ezinik. Arrese tabernaren eta Aztiriaga etxearen aurrean berehala egin zen ur-putzu handia, eta bai taberna zein inguruko behe-barru eta lurpeko garajeak urak hartu zituen. Herritarrek egin zioten aurre egoerari, etxean zituzten tresnekin egoera bideratu nahian. Adineko jendeak dio ez dutela halakorik ezagutu, ezta 1983ko uholdeetan ere.
Elbarrena auzoko Lizarraga, Irastortza eta Bertuesa baserrien eta Gure txoko eta Biona etxeen inguruan, besteak beste, urak hartu zituen, baina auzo horretako industrialdeko hainbat pabiloi ere. Amundarain errekak zein Lazkaomendi aldetik datozen Izurrena, Maizerreka eta Igeldegi errekastoek eta Gaintza aldean sortzen den Apatzabal errekastoak eragin zituzten kalteak, ur eta zikin asko zekarten. Gaintzarako errepidea ere itxita zegoen artean gaur goiz-eguerdi partean.
Aurregi auzoan, Berdillari, Loiola eta Urtesabel-Berri baserrietan ere une larriak pasatu zituzten, batez Etxaisko eta Antsolarats errekastoen emariaren ondorioz. Etxaisko erreka-ziztorrak Arruegi auzoko goiko baserrietarako bidea itxiarazi zuen.
Aiestaran-erreka auzoan, berriz, Unanubietako baserria izan da kaltetuena. Amundarain errekaren ondoan dago, baina Lazkaomendi aldetik datorren Azkonobieta eta Unanieta erreka-ziztorrek eragin dituzte kalterik handienak. Metro pasako altueran hartu zuen urak baserriko beheko solairuan.
Resti pilotalekuan, eskola atarian eta areto futboleko kantxan ura eta lokatza nabarmenak ziren oraindik ere gaur goizean.
Gaurko goiza garbiketan pasatu dute zaldibiar askok. Familian batzuk, lagun-taldeetan beste batzuk eta baita udalak eskola eremua garbitzeko egindako auzolan deialdian ere.
BIDEOAK ETA ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga












































