«Osasun eta segurtasun bermeak» eskatu dituzte Indarreko langileek
Indarreko langileek elkarretaratzea egin dute azken asteotako lan istripuekin kezka gizarteratzeko.

Iragan ekainaren 10ean Beasaingo Indar Ingeteam lantegian gertatu zen istripuaren harira mobilizazioak ekin dituzte langileek. Gaur, elkarretaratzea egin dute lantegiaren atarian, enpresa batzordeak deituta, «Indarreko langileon osasuna eta segurtasuna bermatu» lelopean.
Langile Batzordeak helarazi duen oharrean Indar lantegian «aste beltzak» izaten ari direla gogoratu dute, denbora gutxian bi istripu larri izan baitira. Apirilaren 30ean langile batek deskarga elektriko handi bat jaso zuen, eta ondorio fisiko larriak izan dituela azaldu dute Enpresa Batzordetik. Istripu horren ikerketa zabalik, eta horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeak jartzeko eskakizunak martxan daudela, joan den asteartean, ekainak 9, «ikaragarrizko leherketa» gertatu zen Enpresa Batzordeak deskribatu duenez. «Errotor bat ekilibratzen, bi polo noraezean irten eta izugarrizko kaosa sortu zen». Probatan zegoen pieza bat airean atera zen, sabaian zulo handi bat eginez, eta ondoko pabiloiaren sabaitik sartu zen. Zorionez, kalte materialak baino ez ziren izan, baina Enpresa Batzordeak dio «miraria» dela zauriturik ez egotea, eta aldarrikatu dute «langileen osasuna eta biziak ezin duela modu honetan arriskuan egon».
Enpresa Batzordeak gogoratu duenez, «denbora luzea» daramate laneko osasun eta segurtasunaren alorrean enpresari norabide aldaketa bat eskatzen. Langileen ordezkaritzak adierazitakoaren arabera, «prebentzioa lehentasuna izatetik hurrun» dagoela, eta guztiaren aurretik «ekoizpena» jartzen dela.
Gauzak horrela, aspalditik egiten ari diren eskaera berretsi dute; «itsurakeriatik haratago segurtasuna eta prebentzioa lehen mailako arazo moduan har dezala» exijitu diote zuzendaritzari, «beraiena baita langileak babesteko eginkizuna eta ardura».