Zopa pertza prest da San Joan jaiei hasiera borobila emateko
Segura-Aizkorri futbol klubak egingo ditu pregoilari lanak, larunbatean. Larunbatean hasita bost eguneko jaiak dituzte aurretik. San Joan egoitzan ere festa giroa dute astelehenaz geroztik.

Egun gutxiren faltan jaitsiko da berriro Zopa Pertza Segurako plazara, San Joan jaiei hasiera emateko. Larunbatean izango da ekitaldia, jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzearekin batera; aurten, Segura Aizkorri futbol klubarena izango da ohorea.
Segura futbol kluba 1969an sortu zen. Aurten, sortu zeneko 56. urteurrena beteko du klubak, baina 80. hamarkadatik 1991 urtera etena izan zuen klubaren jardunak. Ordutik, makina bat dira modu batera edo bestera taldean parte hartu duten haur eta gazteak, norbanakoak eta laguntzaileak. «Jaso bezate guztiek gure esker ona honaino ekarri gaituzuelako», diote klubetik.
Izen berria, talde bera
Garai berrietara egokituz joan da kluba azken urteetan eta aurten, Segura Aizkorri futbol taldea —edo Aizkorri Segura, berdin dio batak ala besteak— izen berrituarekin ekin dio denboraldiari. 340 jokalari eta 11 talde ditu gaur egun klubak, «aste barruan nahiz asteburuetan, toperaino betez» Alustiza futbol zelaia. Azken urteetan nesken futbola izan duen «bultzada eta gorakada» nabarmendu ditu klubak baita, «futbolarekiko grinari esker, aterpetxeko gazteek herrian integratzeko» erabiltzen duten aukera ere. Klubak «baloia atean sartzeaz aparteko ikasgaiak» transmititzea du helburu, hala nola, «auzolanean komunitatea sortzea». Gazteei aipamen berezia ere egin diete: «Klubaren esparru guztietan behar ditugu, inoiz baino gehiago. Eta jarrai dezatela beraien ametsak gurean betetzen».
Guztientzako festak
Kuadrillen egunarekin hasiko dituzte festak, larunbatean. Kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte 9. urtez plazan. Haurren eguna izango da igandean. Krosa izango da goizean eta Izarretan Dantzan dantza modernoko ikasleek ikuskizuna eguerdian. Haurren danborradak hartuko ditu kaleak arratsaldean eta ondoren, Xirikara antzerki taldearen umorezko antzerkia izango da Errebote plazan. Jubilatuen eguna eta sua ez dira faltako San Joan bezperan eta jaietako egun handia ospatuko dute asteartean. Zopa Pertzaren agurrarekin amaituko dira festak, asteazkenean.
EGITARAUA
Ekainak 21, larunbata. Kuadrillen eguna
- 9:30: Plater hausketa Mendotzen.
- 10:30: Futbito partida, finala.
- 11:30: Zopa Pertzaren jaitsiera eta festaren hasiera.
- 12:00: Burrunbazale txaranga
- 13:00: 9. kuadrilla lehiaketako jokoetan parte hartzeko izen ematea plazan.
- 13:30: 9. kuadrilla lehiaketako jokoetan
- 14:30: LH6 eta DBH 4ko ikasleen bazkaria Gaztelekuan.
- 19:00: Sakatu txaranga.
- 23:00: Disko festa Iñigo Etxenikerekin.
Ekainak 22, igandea. Haurren eguna
- 10:00: Korpus eguneko meza eta prozesioa.
- 10:15: Goizeresia herriko txistulariekin.
- 10:00: Haurren krosean parte hartzeko izen ematea.
- 10:30: Haurren krosa. Amaitutakoan, haurrentzako jolasak guraso elkarteak eta LH6ko ikasleak antolatuta. Ondoren, pintxo dastaketa.
- 12:00: Izarretan Dantzan dantza modernoko ikasleen emanaldia Errebote plazan.
- 13:00: Kirkil txaranga.
- 18:00: Haurren danborrada.
- 19:30: Xirikara antzerki taldearen umorezko antzerkia Errebote plazan.
- 23:00: Dj Bull
Ekainak 23, astelehena. San Joan bezpera
- 11:30: Jubilatuentzako toka, igela eta bote jokoak plazan. Ondoren, sari banaketa plazan eta hamaiketakoa Atseden elkartean.
- 16:00: 35. Gipuzkoako junior mailako itzuliaren 3. etaparen irteera.
- 18:00: Pasaiako erraldoi konpartsa Segurako erraldoi eta buruhandiek lagunduta.
- 22:00: San Joan sua eta herri akelarrea.
- 23:00: Xsakararen kontzertua.
- 00:00: Balantza musika taldearen emanaldia.
Ekainak 24, asteartea. San Joan eguna
- 10:15: Goizeresia herriko txistulariekin.
- 10:30: San Joan eguneko prozesioa eta meza.
- 12:00: San Joan eguneko ekitaldi berezia: Nerea Elustondo eta Andoni Egaña bertsolarak, Segurako abesbatzaren emanaldia eta esker oneko hamaiketakoa herritarrentzat udaletxe aurrean.
- 13:00: Nerea Elustondo eta Andoni Egaña bertsolarien saioa plazan. Gai jartzaileak Eneko Araiztegi eta Jon Iturrioz.
- 13:30: Joselu Anaiak taldea Errebote plazan.
- 17:30: Pilota partidak Baratze pilotalekuan.
- AFIZIONATUAK: Lizeaga-Goiburu, Alberdi-Albenizen kontra.
- PROFESIONALAK: 4terdiko San Fermin torneoa; Zabala-Dario (edo Egiguren V.ena) ekainaren 20ko partidako irabazlearen kontra.
- Binaka; Exposito-Eskuza, De la Fuente-Gabirondoren aurka.
- 19:00: 9. kuadrillen arteko mozorro desfilean parte hartzeko izen ematea Txanbolinpen.
- 19:30: 9. kuadrillen arteko mozorro desfilea plazan. Ondoren, sari banaketa.
- 23:00: Gaur argi musika taldea.
Ekainak 25, asteazkena. San Joan bigarrena
- 10:15: Goizeresia herriko txistulariekin.
- 11:00: Puzgarriak igerilekuan eta bere inguruetan.
- 12:00: Toka eta bola txapelketa herrikoia Arboladian. Hiru taldekatze; 14 urtez azpikoak, emakumeak eta gizonezkoak.
- 12:30: The Joselontxo´s txaranga.
- 13:00: Txakolin dastaketa eta sardina jana.
- 16:00: Puzgarriak igerilekuan eta bere inguruan.
- 18:30: Andoni Ollokiegiren kontzertua bakarka.
- 20:00: Herri afaria plazan. Txartelak aurrez salduko dira ekainaren 22ra arte, herriko tabernetan. Ondoren, bingo herrikoia.
OHARRA: egun honetan ez da ogitartekorik salduko elizako portikoetan. - 21:30: Andoni Ollokiegiren kontzertua tadean.
- 22:30: Zopa Pertzarekin kalejira herriko kaleetan zehar, Tobera musika eskolako musikariek lagunduta.
- 23:00: Zopa Pertzaren igoera eta agur zaratatsua.
San Joan egoitzan ere ospatzen dituzte jaiak
Segurako San Joan adinekoen egoitzan ere, izen bereko santuaren omenezko jaiak ospatzen dituzte. Astelehenaz geroztik, jai giroa nagusi da egoitzan, kalera atera ezin dutenek, barruan ere festaz gozatu dezaten. San Joan jai propioak dituzte horretarako antolatuta.
Bihar goizean, gozogintza saioa izango dute eta arratsaldean, senideekin batera merienda. Ostiralean, meza izango da goizean eta musika emanaldia arratsaldean. San Joan bezperan, astelehenez, —Jubilatuen eguna— Atseden jubilatuen elkartera irteera egingo dute bertan antolatutako ekintzetan parte hartzeko. San Joan egunean, udal ordezkarien bisita jasoko dute egoitzan eta Nerea Elustondo eta Andoni Egaña bertsolariek saioa eskainiko diete. Ondoren, San Joanetako bazkari berezia.