Gabiriako bertsolaritzaren transmisioa eta ondarea
‘Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian’ liburua ondu dute, elkarlanean. Ehun lagunetik gora elkartu ziren Osinalde elkartean egindako aurkezpen ekitaldian.

Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian liburua aurkeztu zuten iragan asteburuan. Ehun lagunetik gora elkartu ziren Osinalde elkartean egindako ekitaldi berezian, herriko bertsolaritzaren inguruan egindako bilketa lanaren emaitza ezagutzeko. Elkarrizketetan eta bizipenetan oinarritu dute liburua, eta talde lanaren emaitza izan da. Eresti Oiarbidek, liburua ondu duen lantaldeko kideak, azaldu du «lan handia» eragin duen lana izan dela: «Liburua egiteko prozesuan transmisio lan handia egon da eta horri emango nioke baliorik handiena».
Egile taldekoekin batera, zenbait ordezkari izan ziren: Ikastolen Elkarteko Kilometroak kultur elkarteko lehendakari Aitor Elizaran, Bertsozale Elkarteko Karlos Aizpurua eta Gabiriako alkate Endika Igartzabal. Baita herriko beste zenbait bertsolari ere, modu batera ala bestera ekoizte-prozesuan parte hartu dutenak. Euxebio Igartzabalek eta Patxi Ormazabalek bota zituzten hasierako agurrak, eta beste lau lagun ere jardun ziren bukaerako saioan, ekitaldiari amaiera borobila emateko.
Elkarlanean 2021az geroztik
Liburuaren proiektua 2021ean jarri zen martxan, Maialen Akizu eta Eresti Oiarbidek egindako proposamen batetik abiatuta. Helburua Gabirian bertsolaritzak izan duen eta gaur egun daukan indarraren arrazoiak aztertzea izan da, ikuspegi historikotik, soziologikotik eta kulturaletik. Zentzu horretan, transmisioari eman diote arreta berezia, denboran iraun duen tradizioa belaunaldi batetik bestera nola igaro den dokumentatu nahian.
Proiektua elkarlanean eta auzolanean garatu dute, eta ondoren, auzolanean landu. Zortzi herritarrez osatutako talde motorrak osatu du liburua, lau urteko dokumentazio lanaren ondorioz. Bertsolaritzari buruzko jakintza, datuak eta ondarea jasotzeko, guztira, 22 herritar elkarrizketatu dituzte, eta ia 800 minutu grabazio bildu. Saioez eta bertsolariez informazio zehatza ateratzeko Xenpelar Dokumentazio Zentroa ere kontsultatu dute.
Baina ez hori bakarrik. Bertsolaritzaren herriko bilakaera azaltzeko mugarri edo gertakizun historiko batzuk identifikatu dituzte: gerra ondorengo isilaldian katea mantendu zuen taberna-giroko jarduna; Igartzabal, Iñaki Murua edota Luzio Gabiria bezalako «erreferentziak» edukitzearen garrantzia; edota 1970ean finkatu zen festetako bertsolari jaialdia eta 1971n hasi zen Osinalde saria, besteak beste. Eta horietan ere sakontzea lortu dute.
Udaletxean eskuragai
104 orrialdeko liburua ondu dute. Hamaika ataletan banatuta dago, eta arlo deskribatzaileaz eta historikoaz gain, atal bat Osinalde Sariari eskaini diote; han parte hartutako bertsolari ugarik eman dituzte testigantza idatziak. Bertsolaritzarekin lotutako lehengo eta oraingo herritarren zerrenda batean, esaterako, 55 izen-abizen jaso dituzte. Ekitaldian bertan salgai izan zen, eta aurrerantzean, Gabiriako udaletxean eros daiteke, hamar euroan.