Udari ongietorria suaren bueltan
Ekainaren 23an, astelehenarekin, ospatuko da San Joan bezpera. Goierriko herri denetan egingo dira suak eta akelarreak. Ikus albistean herriz herriko ekitaldiak.

Udako solstizioaren etorrerarekin, San Joan bezperak, suz, magiaz eta tradizioz betetako gau bat promesten du. Ekainaren 23an, herrietako plazetan, auzuneetan edota etxaurreetan, jai herrikoi eta sinbolikoenetako bat den hau ospatzeko bilduko dira herritarrak.
Udako solstizioa urteko egunik luzeena eta gau laburrena dugun garaia da. Egun hori ekainaren 21a edo 22a izaten da. Sustrai paganoak ditu, eguzkia gurtzeari eta suaren bidez garbitzeko erritualei lotuak. Hala ere, erlijio katolikoa dela eta, ekainaren 24an ospatzen da San Juan Bautistaren omenez. Antzina-antzinatik datorren ohitura, topaketa kolektibo bat bezala bizi da, non sua, berrikuntza sinbolizatzen duena, zaharraren erreketa eta desio berrietara irekitzea, protagonista izango den.
Ospakizunak aldatu egingo dira herriaren arabera, baina denetan prest dute gau horretarako egitaraua eta materiala. Egur pilaketa zein makala jartzea herritik herrira aldatzen den ohitura da, eta batzuetan udala arduratzen den bezala, beste batzuetan auzolanean egiten dute. Suaren aurretik eta ondotik egiten diren ekitaldiak eta festak ere, garrantzi handiagokoak edo txikiagokoak dira, baina modu batekoak edo bestekoak izanda ere, guztiek dute helburu gau magikotzat hartzen den honetaz gozatzea. Gainera, musikarik eta dantzarik ez da faltako toki gehienetan.
Hainbat gomendio
Su eskolak ondorengo gomendioak egin ditu San Joan bezperako suei begira, bederatzi jarraibidetan laburtu dituztenak: sua egiteko gune segurua prestatzea, eraikinetatik eta ibilgailuetatik urruti; argindar eta telefono sareetatik urrun egitea sua; sua barreiatu ez dadin, sua egingo den eremua aldez aurretik garbitzea; sua egiteko materiala lau metro baino gehiago ez pilatzea; haize handia egiten badu surik ez piztea; sua pizteko papera eta lasto lehorra erabiltzea, eta ez gasolina bezalako likido sukoiak; helduek gainbegiratzea sua; inguruan itzalgailu edo mauka bat izatea prebentzio neurri bezala; azkenik, txingarrik edo hausberorik piztuta gelditzen ez dela egiaztatzea eta lurrez edo hondarrez estaltzea sua egindako tokitik alde egin baino lehen.
SAN JOAN BEZPERA GOIERRIN
Altzaga
- 20:00: Afari merienda.
- Ondoren, sua piztea.
Arama
- 20:00: Sua, Loitza pilotalekuko plazan.
Ataun
- Aia, Ergoiena: Auzo guztietan piztuko dituzte suak.
- Arrondo: 20:00etan kalejira eta 20:30ean, afaria, bertsolari eta trikitilariekin. Gauerdian sua piztea, eta dantzak inguruan.
- Astigarraga: Sua piztuko dute.
- San Gregorio: 19:00etan mojito poteoa; 19:30ean Yaima Orozko eta Migue de la Rosaren agur kontzertua; 21:00etan, afaria Artadi elkartean; eta 00:00etan, sua plazan.
- San Martin: Jubilatuen afaria Atseden Tokin, eta sua plazan.
Beasain
- 19:30: Makala altxatzea, Kantujirak zortzikoa abestuko du, eta sanjoanetako soka-dantza, Igartzan.
- 21:30: Txistularien kalejira dantzariekin batera Igartzatik Barrendain plazara.
- 22:00: Sanjoanetako soka-dantza eta jarraian San Joan sua, Barrendain plazan. Ondoren, erromeria Obaneuke taldearekin.
Ezkio
- 20:30: Afaria eliza arkupeetan.
- 22:00: Sua piztea txalapartariek lagunduta, eta txokolate jana.
Gabiria
- 22:00: Kalejira eta sua piztea; dantzariak, musikariak, ardo goxoa, freskagarriak, pastak…
Gaintza
- 20:30: Afari-merienda herrikoia, Onbide elkartean.
- 21:30: Suari salto egitea.
- 22:00: Dantza ikuskizuna suaren inguruan.
Idiazabal
- 22:30: Sua piztea eta akelarrea futbitoan.
Itsaso
- 21:00: Afaria plazan.
- 22:00: Kanpaiak jo eta sua pizteko deia egingo dute.
- 22:30: Sua eta festa.
Itsasondo
- 22:00: Sua piztea eta dantza inguruan.
Lazkao
- 18:00: Buruhandiak.
- 22:00: Sua piztea eta akelarrea.
Legazpi
- 18:30: Armen Alardea. 20:00etan, Euskal Herria plazara iritsiera eta parte-hartzaileen zenbaketa.
- 22:30: Sua piztuko da dantza eta musika lagun. Gero, erromeria.
Legorreta
- 19:00: Sardina erreak, sagardoa eta ardoa, plazan.
- 21:00: Elekun abesbatzaren saioa, Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia eta sua piztea.
Mutiloa
- Iluntzean. Baserrietan suak piztuko dituzte.
Olaberria
- 22:30: San Joan sua, dantzari, txistulari eta txalapartariekin.
Ordizia
- 22:30: Garagartza plazan, sua piztea.
Ormaiztegi
- Arratsaldean: Tantaia jasoko dute.
- 22:00: Sua piztea, Kutxako aparkalekuan.
Segura
- 22:00: Sua piztea eta herri akelarrea, plazan.
Urretxu
- 20:30: Arbola jartzea Santa Barbaran.
- 21:00: Txistularien kalejira, herrian zehar.
- 22:30: Sua Gernikako Arbola plazan. Dantza, konjuroak, bertsoak, trikitixa eta txalaparta.
Zaldibia
- 18:30: Txanbolinteroak txistularien kalejira.
- 20:00: Ane Urbieta eta Maialan Larrañaga trikitilarien saioa, eta sagardoa txotxetik.
- 21:00: Herri afaria.
- 22:30: Sua piztea, dantzak eta erromeria.
Zegama
- 18:00: Arbola jasotzea, herriko txistulariek girotuta.
- 22:00: Sua herriko plazan. Suaren inguruan Toberako dantzarien eta txistularien saioa.
Zerain
- 20:00: San Joan bezperako festa.
Zumarraga
- 20:45: Musika Bandaren eta Antxiñako Ama txistulari taldearen kalejira.
- 22:00: Sua piztea Euskadi plazan. Musika Bandak San Joan ereserkia joko du.