Aholku sorta arriskuak saihesteko
Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egiten die herritarrei, eta bereziki jaiak antolatzen dituzten elkarte eta arduradunei, ahalik eta zuhurtasun handienarekin joka dezaten jaietako ekitaldietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bat kaleratu du gaur goizean San Joan bezperako suak direla eta hainbat aholku emateko. Herritarrei nahiz gaur gaueko ospakizunetan antolatzaileei “ahalik eta zuhurtasun handienarekin” ibiltzeko eta “prebentzio neurriak” hartzeko deia egin die.
Babes zibileko arduradunei kasu egiteko eskaera egin du aldundiak, eta honako aholku sorta plazaratu du:
- Sua zabaltzen lagun dezaketen elementuetatik gertu surik ez egitea, hala nola autoak, eraikinak, erakusleihoak, gas-hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak edo landaredia.
- Suaren ingurunea garbi eduki, ez hedatzeko.
- Ez egin 4 metrotik gorako garaierako surik.
- Ez piztu surik haize handia badabil.
- Gasolina, disolbatzaileak edo alkohola bezalako likido sukoiak ez erabiltzea; horren ordez, papera edo lasto lehorra erabili.
- Erregai arinak ekiditea, hala nola paperak, oihalak, plastikozko kurrixkak edo konfetia, haizeak eraman ditzakeelako.
- Material arriskutsuak ez bota sutara: produktu piroteknikoak, sprayak, latak, pneumatikoak, zaborra edo plastikoak, ke toxikoa sortzen dutelako.
- Itxi inguruko leihoak eta balkoiak, txinpartak etxebizitzetan sar ez daitezen.
- Adingabeak une oro gainbegiratzea: pertsona heldu batek kontrolatu behar du sua.
- Segurtasun-distantzia mantentzea eta jendea gehiegi ez hurbiltzea edo suaren gainetik salto egitea saihestea.
- Su-itzalgailu bat edo mangera bat eskura izatea prebentzio-neurri gisa.
- Lekutik alde egin baino lehen, ziurtatu ez dagoela ez sugarrik ez erretxinik. Estali hondakinak lurrarekin edo harearekin.
- Edozein larrialdi edo gorabehera izanez gero, berehala deitu behar da 112 (SOS Deiak) telefonora.
Aldundiak gogorarazi duenez, suteen prebentzio eta su itzalketa eta salbamendu zerbitzua “erabat operatibo” egongo da gauean, lurraldeko zortzi suhiltzaile-parke alertan eta, beharrezkoa izanez gero, esku hartzeko prest.
Foru Aldundiak landaredi handia duten guneek duten arrisku erantsiaz ere ohartarazi du, batez ere zuhaiztietan eta hiri-ingurune periferikoetan. Testuinguru horretan, horrelako guneetan suak ez egitea gomendatzen da.
Suhiltzaileen foru zerbitzuak, ospakizuna amaitzean, erretxinak ondo itzaltzearen garrantzia nabarmendu du, izan ere, askotan sua itzalita dagoela dirudienean sugarrak biziberritu baitaitezke.