San Adriango indusketak ikusteko aukera berri bat
Anduetza parketxeak bi bisita antolatu ditu larunbaterako. Aranzadiko arkeologoek azalpenak emango dituzte. Aranzadik San Adrianen egiten duen 19. kanpaina arkeologikoa da.

Paleolito garaian hasi eta XIX. mendera bitarteko iraganaren aztarnak jasotzen ditu San Adriango kobazuloak, Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan kokatuta dagoen toki «enblematiko» horretan. Aranzadi zientzia elkarteak pare bat hamarkada daramatza bertan, udaro, indusketa lanak egiten. Aurten ere, Aranzadik eta Zegamako Udalak elkarlanean antolatuta, San Adriango Leizarrateko igarobideko indusketa lanak zuzenean ikusteko aukera izango da Anduetza parketxeak larunbat honetarako antolatu dituen irteeren bitartez.
Aurtengoa Aranzadik San Adrianen egingo duen 19. kanpaina arkeologikoa izango da eta Anduetza parketxetik adierazi dutenez, «urtero sekretu berriren bat aurkitzen da». Iazko aurkikuntza «aparta» izan zen, neandertalek kobazuloa babesleku gisa erabili zutela frogatzen duten aztarnak aurkitu zirelako. Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko aztarnak induskatu ondoren, Leizarraten okupazio zaharragoak egon zitezkeela sumatu zuten arkeologoek. Hala, iazko aurkikuntzaren haritik, «gaur egun badakigu neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobide hau erabili zutela».
Bisitak bi hizkuntzatan
Larunbatean bi irteera gidatu antolatu ditu Anduetza parketxeak, Aranzadik urte guzti hauetan aurkitu duena bertatik bertara ezagutu nahi duten horientzat. Bi irteera izango dira: euskaraz 10:00etan abiatuko dena eta gaztelaniaz, 12:00etan. Aldaolako aparkalekutik —Otsaurtetik 4 kilometrora— irtengo dira bi bisitak. Handik oinez egingo dute San Adriango kobazulora arteko bidea. Bertan, lanean dabiltzan arkeologoek egindako aurkikuntzen berri emango dizkiete parte hartzaileei, «antzinako hominido horri buruzko azalpenak emango dituzte, ezaugarriak, berezitasunak, ohiturak… », argitu dute. Gainera, igarobide esanguratsu honetan izan ziren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa ere egingo da. Izan ere aurretik bertan aurkitutakoak dira Erdi Aroko gotorleku bat, Brontze garaiko babesleku bat edo erromatarren garaiko aztarnak, besteren artean.
Irteera zailtasunik gabekoa dela aurreratu dute Anduetzatik, «edozein herritarrentzat egokia». San Adrianera arteko ibilbidea Anduetza parketxeko hezitzaileekin batera egingo da eta ondoren, Leizarrate igarobidean Aranzadi Zientzia elkarteko arkeologoek indusketa arkeologikoaren berri emango dute.
Euskarazko irteera 11:30era amaituta egotea aurreikusi dute eta gaztelerazkoa 13:00etarako. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatu dute. Heldu bakoitzeko prezioa 6 eurokoa izango da eta haurrena —8 eta 12 urte bitartean—, 4 eurokoa. Lekuak mugatuak direnez, aurrez izena ematea beharrezkoa da. 943 80 21 87 edo 688 623609 telefonoetan edo anduetza@gipuzkoanatura.eus-en eman daiteke izena.