Olarango parte hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu udalak
Olaran Talentu Faktoriaren espazio publikoari buruzko prozesuan 150 herritarrek parte hartu dute. Herritarren proposamenak eraikinaren diseinuan, programazioan eta kudeaketa ereduan txertatuko direla azaldu du udalak.

Beasaingo Udalak aurkeztu ditu Olaran Talentu Faktoriaren erabilera publikoko espazioaren inguruan egindako parte-hartze prozesuaren emaitzak. Ekitaldia publikoa udaletxeko batzar aretoan egin zen, eta bertan azaldu zituzten herritarrek egindako ekarpenek proiektuaren garapenean izango duten eragina eta zein izango diren prozesuaren hurrengo faseak.
Parte hartze prozesua maiatzean zehar garatu zen Beasaingo Udalak sustatuta. Helburua, «Olaran eraikinaren erabilera publikoko espazioek herritarren beharrak eta nahiak islatzea» zen. Udalaren esanetan, proiektuak izaera komunitarioa eta herritarren beharrei egokitutako diseinua izatea nahi dute, eta horretarako funtsezkotzat jo dute beasaindarren parte hartzea.
150 herritar
Guztira 150 beasaindarrek hartu dute parte prozesuan, lau dinamika desberdinen bitartez. Lehenik eta behin, Olaran eraikina bera ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ziren, espazioaren ezaugarriak eta aukerak lehen eskutik ezagutzeko. Horrez gain, tokiko eragileekin tailer espezifiko bat egin zen, komunitatean aktiboki diharduten kolektibo eta taldeekin. Beste tailer batean, belaunaldi arteko topaketa bultzatu zen, adin ezberdinetako herritarren ikuspegiak bilduz.Azkenik, tailer irekia egin zen herritar orori zuzenduta, iritzi eta proposamen orokorrak jasotzeko.
Herritarren ekarpenek espazioaren izaera komunitarioa, irekia eta belaunaldi artekoa izatea nabarmendu dute. Proposamenen artean aipagarriak dira funtzio anitzeko espazioen beharra, kontsumismotik aldentzen diren guneak, jarduera kulturalak eta topaguneak ahalbidetuko dituzten espazioak, eta kolektibo guztientzako irisgarritasuna bermatuko dutenak izatea. Gainera, prozesuan parte hartu duten herritarrek proposatu dute taberna edo jatetxe eredu inklusiboagoa izatea, eta artea barne hartzen duen STEAM (Zientzia, teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) espazio baten garapena, hezkuntza, sormena eta berrikuntza uztartuz.
Udalaren konpromisoa
Udalak adierazi du prozesuan jasotako ekarpenak aztertu eta baloratu dituela, eta horietako asko jada arkitektura proiektuan, espazioen programazioan eta kudeaketa ereduan txertatzen ari direla. era berean, hainbat ideia gehiago garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, espazioak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta auzotasuna indartzeko tresna izan dadin.
Udalak eskerrak eman dizkie parte-hartze prozesuan parte hartu duten herritar guztiei, eta azpimarratu du egitasmoak izan duen harrera ona eta herritarren inplikazio maila «oso pozgarria» izan dela. «Honek erakusten du Olaran talentu Faktoria herritarren neurrira eraikitzen ari garela, komunitatearen beraren ekarpenak ardatz hartuta», azaldu dute udal ordezkariek.
Parte hartze prozesuaren xehetasun guztiak eta txosten osoa Beasaingo Udalaren webgunean daude eskuragarri. hori dela eta, Udalak herritarrei dei egiten die informazioa kontsultatzera eta datozen urratsetan parte hartzen jarraitzera.