Ataun izango da Goierriko EAJren topaleku larunbatean
Egitarau zabala antolatu dute eguerditik iluntzera. Fermin Arreseri aitortza egin ondoren ekitaldi politikoa egingo dute.

Goierriko EAJk eskualdeko eguna antolatu du larunbaterako. Ataunen egingo dute hitzordua, Zatoz! Goierri gara, alderdia gara! lelopean. Egun osoko egitaraua prestatu du alderdiak, eta herritarrak zein inguruko herrietako goierritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera eta elkarrekin eguna ospatzera.
Egun osoko festa
Ataungo Udal Batzarreko batzordeak Fermin Arreseri egingo dion omenaldiarekin hasiko dute eguna; 13:00etan izango da hori zinema aretoan, eta ibilbide oso bateko aitortza egingo zaio. Ondoren, 13:45ean, EAJko ordezkarien txanda izango da, eta hitza hartuta, ekitaldi politikoa egingo dute San Martingo plazan.
14:30ean bazkaltzeko tartea izango da, eta bertaratu nahi duen orok tiketak 25 euroan izango ditu salgai. Bazkalosteko giroa, berriz, bertsolariek alaituko dute, eta haurrentzat ere tailerrak izango dira. Jaiari amaiera borobila emateko, 17:00etan disko festari ekingo zaio, eta musikaz eta dantzaz beteriko azken orduak eskainiko dira.
Horrekin guztiarekin, alderdiak goierritarrak «elkartzea eta eskualdeko indarra ospatzea» bilatzen du.