Aizkorriko Lagunen Eguna ospatu dute Zegaman
Goizean mendi irteera egin dute, eta beherakoan, Eusko Labeldun hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera izan da herriko plazan.

Hogeitalaugarren aldiz, Aizkorriko Lagunen Eguna ospatu dute Zegaman, herria eta Aizkorri bat eta bera direla aldarrikatuz. Ohiko moduan, mendi irteerarekin hasi dute eguna herritarrek. Bi taldetan banatu dira mendizaleak: lehenak 06:30ean abiatu dira Zegamatik, eta 07:30ean bigarrenak, Aldaolako aparkalekutik. Azken hauek San Adrian-Aizkorri-San Adrian ibilbidea egin dute.
Azkenik, bi taldeak 09:30ean elkartu dira Aizkorriko tontorrean, eta tradizioari jarraituz, cavarekin topa egin dute. Beherakoan, Eusko Labeldun hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera izan da herriko plazan, 12:30etik 15:00etara, udalak eskainita.















