Zegama eta Aizkorri betiko batu zirenekoa
Aizkorriko Lagunen eguna ospatuko dute 24. urtez zegamarrek igandean. Cavarekin topa egingo dute tontorrean, urtero legez.

Zegama eta Aizkorri bi izen bereizezin dira. Ez dago bata bestea gabe ulertzerik. Munduko mendi maratoi ezagunenetako batek izen bera eramateak badu, noski, zerikusirik; baina hori ez da beti horrela izan. Zegamarrek igande honetan ospatuko dute Aizkorriko Lagunen eguna. Orain dela 24 urte egin zuten lehendabiziko aldiz, eta orduan hasi zen dena.
2000. urtea zen, eta Zegamako Udala herria ezagutzera emateko asmoz lanean zebilen. Juan Inazio Galdos —orduko alkatea—, Amezti mendi elkarteko kideekin biltzen hasita zegoen Zegama eta Aizkorri nolabait lotzeko ekintzaren bat antolatzeko helburuarekin. Horrela sortu zen Aizkorriko Lagunen eguna egiteko ideia; 2001ean egin zuten lehendabizikoa.
Aizkorriko buelta egin eta gero, herri bazkaria egin zuten lehendabiziko aldi hartan Zegaman eta bazkari hartan hasi zen gorputza hartzen, urte bete beranduago —2002an— lehendabiziko aldiz egingo zen Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Amezti mendi elkarteko Asier Berasategik gogoan ditu lehendabiziko urte haiek: «Gaur egun maratoiko arduraduna den Alberto Aierbek Pirinioetan, Benasque inguruan (Aragoi, Espainia) mendi lasterketa bat egiten zela kontatu zien bertan elkartutako zenbaiti —tartean, Galdos alkatea— eta Zegaman ere antzeko zerbait antolatu zitekeela esan zien. Ordurako maratoirako ibilbide baten lehendabiziko zirriborroa buruan zuen Aierbek».
Garaiak aldatuz doaz
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren lehendabiziko lasterketa uztailaren 7an egin zen 2002an, «Aizkorriko Lagunen 2. egunarekin batera», argitu du Berasategik. Hortik aurrerakoa aski ezaguna da. Gaur egun, Zegama-Aizkorri mendi lasterketa mundu guztian ezaguna da, baina Aizkorriko Lagunen egunak gorabeherak izan ditu urteen joanean. Oinarrian egitarauak bera izaten jarraitzen duen arren, aldatuz eta egokituz joan da; bai antolatzen diren ekintzei dagokionez, eta baita parte hartzeari dagokionez ere. Lehendabiziko edizioan 250 bat pertsonek hartu zuten parte irteeran, «herrikoak zein Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorritakoak». 150 mendizale abiatu ziren Zegamako plazatik Aizkorrirako bidean, ibilbide ofizialean; eta beste 100, bidea zerbait laburtuz, Aldaolako aparkalekutik gora. Egun horretako ekintza nagusiak Pako Iriondo Euskal Herriko Mendi Federazioko lehendakariari omenaldia egitea eta Gorrotxategi sendiari esker ona agertzea izan ziren.
«Kaletik 20 bat lagun joan ohi dira ibilbide luzean, eta Aldaolatik irtenda hainbat familiak ere hartzen dute parte haurrekin. 50 bat lagun elkartu ohi gara Aizkorriko gainean»
Asier Berasategi. Amezti mendi elkartea
Aizkorriko gainera igo, cavarekin topa egin eta beherakoan meza izaten zen Sancti Spiritun. «Mezak nolabaiteko presioa eragiten zuen mendizaleengan. Zegamatik 6:30ean irten eta Aizkorriko buelta eginda 9:30erako Sancti Spiritun egon beharra zegoelako. Erlojupeko baten antzekoa zen, azkar joan beharra zegoen», oroitu du Berasategik. Arrazoi horregatik, mendian zailduak ez ziren askok parte hartzeari utzi zioten. Parte hartzeak behera egin zuen urte batzuetan, baina azken aldian nolabaiteko susperraldia izan du berriz, «kaletik 20 bat lagun joan ohi dira ibilbide luzean, eta Aldaolatik irtenda hainbat familiak ere hartzen dute parte haurrekin. 50 bat lagun elkartu ohi gara Aizkorriko gainean», dio.
Ohiturak berrituz
Sancti Spirituko meza ere desagertu zen orain urte batzuk, baina Aizkorrin cavarekin topa egin eta taldeko argazkia ateratzeko ohiturak bere horretan darrai, Zegama anaituta dagoen Sant Sadurni d´Anoia herriari (Herrialde Katalanak) keinu eginez. Aurten ere errepikatuko dute tradizioa. 6:30ean abiatuko dira Zegamatik mendizaleak eta ordu bete beranduago ekingo diote bideari Aldaolako aparkalekutik irtengo direnak; guztiak Ameztiko kideak lagunduta. Beherakoan, Eusko Labeldun hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da herriko plazan, 12:30etik 15:00etara, udalak eskainita; Zegama eta Aizkorri bat eta bera direla aldarrikatzeko egunean.