Iker Zeberio eta Unai Ariztimuño, aurten ere San Fermin jaietako txupinazoan
Legazpiko danbor jolea eta Beasaingo gaiteroa Iruñeko udaletxeko plazan izan ziren jotzen atzo eguerdian, txupinazo ondorengo plazako gaiteroen saioan.

Aurten ere bi musikari goierritar izan dira Iruñeko San Fermin jaiei hasiera ematen. Atzo eguerdian, txupinazoa bota eta minutu batzuetara, Iker Zeberio eta Unai Ariztimuño udaletxeko plaza erdira atera ziren gaiteroen taldean. Zeberiok danborra jo zuen, eta Ariztimuñok gaita.
Gaiteroek jaien hasieran egiten duten saioa San Ferminetako irudi klasiko bihurtu da, jendez gainezka dagoen plazan jotzen ikusten baita taldea, udaltzainek babestuta. Manuel Turrillasen Animo pues da dultzaineroen saio horretan jotzen duten pieza izarra.
Bi goierritarrek gehiagotan ere jo zuten atzo beste gaiteroekin Iruñeko kaleetan, eta festaz gozatzeko tartea ere izan zuten.