Victor Merinoren maketak ikusgai Kale Nagusiko erakusleiho batean
Arbe Kirolak izandako dendan jarri du erakusketa eskulanetarako afizio handia duen legazpiar honek. Hilaren bukaerara arte ikusi ahal izango dira herriko hainbat eraikin esanguratsuen miniaturak.

Arbe Kirolak izandako lokalaren erakusleihoan erakusketa berezi bat dago ikusgai egun hauetan. Legazpiko hainbat eraikin esanguratsuen maketekin dago osatuta, eta Victor Merino legazpiarrak egindako lanak dira. Hilaren amaierara arte egongo dira bertan, orain arte bezala, ikusle ugari erakarriz.
Udaletxea, Euskaltegia, Apatxo liburu dendaren eraikina, Mauleon hotela, Agirre-Etxeberri eta Mirandaolako burdinola eta baseliza dira Merinok miniatura bihurtu dituenak, birziklatutako materiala erabilita, eta Kale Nagusiko erakusleiho honetan ikusi daitezkeenak. Horiekin batera, Ezkioko Igartubeiti baserria ere badago, baita itsas-ontzi bat eta Parisko Notre Dame katedrala ere, nahiz eta azken honetarako materiala bestelakoa den.
Nabarmentzekoak dira Igartubeiti, barruko egur egitura ikusi daitekeelako, eta Mirandaolako burdinola, mugimendua duelako eta olagizonak lanean ikusi daitezkeelako. Argia ere badute batzuk, gainera.
Beti izan ditu gustuko esku lanak Merinok, eta maketak egiten aspaldi hasi zen. Haztegi ikastolako lokaletan jartzen zuten jaiotza erraldoia muntatzen lan egiten zuen, eta orain ikusgai jarri dituen maketetako batzuk edizio desberdinetan jarritakoak dira.