Xabi Zurutuzak bi podium lortu ditu asteburuan Magny-Cours zirkuituan
Entrenamenduetan eta kronoetan denborarik onenak lortuta, hirugarren egin du Moto2-ko Europako txapelketetako laugarren eta bosgarren lasterketetan. Asteburu gazi-gozoa izan da legazpiarrarentzat, entrenamenduetako batean Borja Gomez pilotua eta laguna hil zaiolako istripu baten ondorioz.

Bi podium egin ditu Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarrak asteburuan, Magny-Cours zirkuituan. Europako Moto2 txapelketan ari da lehian Andifer talde estatubatuarraren babesean, eta hirugarren geratu du Frantzian jokatutako bi lasterketetan.
Bi podiumak lortzeaz gain, entrenamenduetan eta kronoetan denborarik onenak ere egin zituen Zurutuzak, eta polea lortu horien ondorioz. Emaitza bikain hauen ondoren, txapelketako laugarren postuan dago sailkatuta orain. Hurrengo jardunaldia Espainian da, Aragoiko Motorland zirkuituan, hilaren 27ko asteburuan, bi lasterketekin. Amaitzeko, Italiako Misano, Bartzelona eta Valentziako Ricardo Tormo geratuko dira.
Ricard Jove managerra, “harro”
Zurutuzaren managerra den Ricard Jove “harro” dago asteburuan bere pilotua podiumean ikusita, eta balioan jarri du legazpiarrak lortutakoa, adierazpen hauek eginda: “19 urte besterik ez dituen pilotu hasi berri honek polea eta bi podium lortu ditu bata bestearen atzetik, lehorrean eta uretan, kategoria zailena den Mot02-an”. Europako txapelketan laugarren doala eta bere bilakaera “goranzko bidean” doala ere nabarmendu du.
Munduko txapelketarako “gai ez dela esan zutenei eta babesa erretiratu zietenei” eskaini dizkie emaitza hauek. “Beti gertatzen den bezala, orain asko dira Xabi crack bat dela zekitenak, baina neguan inor ez zen nigana hurbildu berarentzako aukera bat eskaintzeko”. Horregatik, eskerrak eman dizkio Andifer American Racing taldeko Toño Diazi, “Xabiri aukera hori emateagatik, eta niri kirol proiektu hori gidatzen uzteagatik”.
Borja Gomez gogoan
Emaitza horiek ikusita, Zurutuzarentzat asteburu gozoa izan dela pentsa daiteke, baina gazitik ere izan du, eta asko gainera. Izan ere, lehenengo entrenamenduan lagun bat galdu zuen. Borja Gomez pilotuak istripua izan zuen entrenamendu horretan, eta hil egin zen. Hari eskaini zizkion bere lorpenak legazpiarrak, sariak jasotzean.